Aurten bai. Bi urtez santelmorik gabe bizi izan ondoren, aurten zumaiarrek jantzi dituzte arrantzale arropak eta erakutsi dute festa gosez eta egarriz zirela, eta jaiak behar bezala ospatzeko prest daudela. Ohi bezala, eguerdian San Telmo ermita ingurutik suziria jaurtita hasi dira festak. Iñaki Ostolaza alkateak jaurti du aurrenekoa, eta segidan joan dira besteak, zaparradan. Jende asko elkartu da hasiera bertatik bertara ikusteko, eta ondoren kalejira egin dute denek Musika Eskolako trikitilarien atzetik San Telmo kaleraino.
Han, urteroko geldialdia, Itxas Gain elkartekoek prestatutako hamaiketako goxoa egiteko. Kurri eta Joxerra 04:30ean hasi dira salda prestatzen, eta haragi egosia eta txorixo egosia ere jarri dituzte mokadua egiteko. 60 kilo txorixo eta 55 kilo haragi prestatu dituzte denera, eta edaria ere ondradu atera dute: hamar kaxa sagardo, lau kaxa txakolin, eta nahiago zuenarentzat ura, freskagarriak nahiz ardoa ere jarri dituzte. Udalaren laguntzarekin ematen dute hamaiketakoa, noski.
Kale horretan bertan bertso batzuk bota dituzte Bertso Eskolako gaztetxo eta ez hain gaztetxoek, eta festa herrian barrena zabaldu da. Ondartxon, esaterako, Zumai txarangak festa giro ederra jarri du, eta hantxe izan da Musika Eskolako dantzari txikien dantza ikuskizuna ere. Ordura arte ateri eutsi dio, baina aurreneko tantak iritsi dira laster.
Handik Erribera kalera eginda, berriro txarangaren doinu alaiekin egin dute topo herritarrek.
Festa, ordea, hasi besterik ez da egin. Gaur, bihar eta etzi, San Telmo eguna, egitarau oparoa dute zain zumaiarrek.