190 umek parte hartu dute gaur santelmoetako haurren danborradan, eta ohi bezala, eguerdian atera dira Sagarbideko ikastetxetik, herritarrei ikuskizuna eskaintzeko. Jakintza Berri kultur elkarteak gogotsu prestatu du aurtengo saioa pandemia dela eta azken bi urteetan geldirik egon ondoren, baina aldaketa txiki batzuk egin dituzte: "Kofradiako plazan ume guztiak elkartu beharrean, Erribera kalean geldituko dira, eta hor eskainiko dituzte pieza batzuk, eta karroza ere, besteetan baino txikiagoa egin dugu. Gainera, bada ez bada pieza gutxiago prestatu ditugu, azkarrago amaitzeko", azaldu du Jakintza Berriko Gemma Alkortak danborrada hasi aurreko minutuetan.
Eguzkiak ere ez du danborrada galdu nahi izan, eta azkenean giro epela eta umore ona izan dira nagusi saio osoan zehar. Herritar ugarik ikusi du danborrada.
Sagarbidetik Aita Mari kalera egin du desfileak, beti bezala Zumaiako Musika Bandaren laguntzarekin, han geldialdia egin eta pieza batzuk jo, eta gauza bera egin dute errepide nagusian. Ondoren, zinema aurre inguruan beste geldialdia egin dute, eta baita Erribera kalean ere, Kofradia parean. Ohi bezala, bitartean banderak astindu dituzte Kofradiako balkoietan, eta azkenik, Beheko Plazan beste kantu batzuk jota amaitu da aurtengo umeen danborrada.
'Kalez kale' piezak, hamabost urte
Bitxikeria gisa, Iker Gonzalez abesbatzako kideak azaldu du aurten hamabost urte bete dituela berak danborradarako sortutako Kalez kale piezak. "Jakintzakoek eskatu zidaten ea egingo nuen pieza bat, gustatzen zaielako herriko eta herritarren doinuak jotzea danborradan", kontatu du.
Jose Luis Frantzesena musikari azpeitiarraren laguntzarekin ondu zuen Kalez kale pieza, "Musika Bandarentzat egin nuen aurrenekoa", eta ordutik beti jo izan dute danborradan. "Gaur konturatu naiz hamabost urte bete dituela, halako danbor bat oparitu zidatelako Jakintzakoek, eta han jartzen duelako data. Pozgarri zait, egia esan".