Santelmoak 2022

Prozesioa eta hamaiketakoak izan dira San Telmo Eguneko goiz partean

Juan Luis Romatet 2022ko api. 25a, 14:16

Bueltan izan dira gaur San Telmo Egunean ohikoak diren bi ekitaldi: prozesioa eta San Telmo kaleko etxe eta elkarte batzuetan ematen den hamaiketakoa. 

Aurreko bi urteotan etxetik jarraitu behar izan dira San Telmo jaiak, pandemiak eragindako osasun egoerak hala behartuta. Aurten indartsu itzuli dira festak, eta horiekin batera ohikoak diran ekitaldiak ere. Danborradak edota bandera igoera izan dira aurreko egunetan; gaur, berriz, prozesioa eta San Telmo kalean eskaintzen diren hamaiketakoak izan dira protagonistak. 

San Pedro Parrokiatik abiatu da prozesioa. Zumaiako Musika Bandak jotako San Telmo martxaren doinuek lagunduta egin dute ermitarainoko prozesioa. Jendetza izan da gaurko ekitaldi honetan ere. Behin ermitan, meza izan da. 

Metro batzuk beherago, San Telmo kaleko elkarte gastronomikoetan, Itxas Gainen eta Aita Marin, baina baita etxebizitza batzuetan ere, hamaiketakoa eman dute. Ordu txikietan etxeratu direnek, baita goiz jaiki direnek ere, eskertu dute salda beroa, eta txorizo eta haragi egosia. Egunarekin jarraitzeko motorra berotu beharra zegoen eta. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide