Bi domina irabazi dituzte Zumaiako ontziek Euskadiko batel txapelketa

Juan Luis Romatet 2022ko apirilaren 25a

Argazkia: Telmo Deun arraun elkartea.

Euskadiko batel txapelketa jokatu da pasa den asteburuan Sestaon, Bizkaian. Zumaiako ontziak bi dominarekin itzuli dira txapelketatik, lan ona eginda. 

Infantil mailako neskak bigarren izan dira Euskadiko txapelketan, eta, ondorioz, zilarrezko domina lepoan dutela itzuli dira Zumaiara. Ondarruak irabazi zuen txapelketa: bi segundo eta 74 ehuneko aldea atera zieten bizkaitarrek gipuzkoarrei. 

Kadete neskak, berriz, hirugarren izan ziren atzo Sestaon, txapelketa irabazi zuen Hernani eta bigarren izan zen Tolosaldearen atzetik. Brontzezko domina lortu zuten atzo Zumaiako kadeteek. 

Jubenil neskak, aldiz, ez ziren finalerako sailkatu larunbatean, eta kontsolazioko estropada jokatu zuten igandean. Hirugarren izan ziren bere estropadan Hibaika eta Hernaniren atzetik.

Datorren asteburuan Espainiako batel txapelketa jokatuko da Pasaiako badian, eta Telmo Deun arraun elkarteko infantil eta kadete neskak bertan izango dira lehian. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide