Santelmoak 2022

Arraun Lagunak eta Orio nagusi San Telmo trainerilla sarian

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 2a, 10:48

XXXVII. San Telmo trainerilla saria jokatu zen atzo arratsaldean Urolaren itsasadarrean, San Telmo jaietako egitarauaren barruan. Emakumezkoen bi txanda izan ziren eta hiru gizonezkoena. 

Emakumezkoen estropadak izan ziren jokatzen lehenak. Arraun Lagunak eta Hondarribia aritu ziren lehen txandan, eta Zumaia eta Zarautz bigarrengoan. Emakumezkoen banderaren irabazlea Arraun Lagunak izan zen, 11:41,21 denborarekin. Bigarren Hondarribia sailkatu zen (11:55,12), Zumaia hirugarren (12:05,06) eta Zarautz laugarren (12:13,58).

Gizonezkoen hiru txandak jokatu ziren ondoren. Berdintasun handia izan zen txanda bakoitzeko irabazleen artean: Orio irabazlearen eta hirugarren sailkatu zen Hondarribiaren artean bi segundoko aldea besterik ez zen izan. Gizonezkoen sailkapena hau izan zen:

1. Orio: 10:19,12

2. Getaria: 10:20,48

3. Hondarribia: 10:21,06

4. Zumaia: 10:34,99

5. Zarautz: 10:35,58

6. San Pedro: 10:56,82

Zozketako zenbakiak

Ohikoa duen bezala, Telmo Deun Arraun Elkarteak zozketa egin du jai hauetan ere. Estropadaren ondoren atera zuen zenbaki sariduna: 03728. Txartelaren jabea arraun elkarteko zuzendaritzarekin jar daiteke harremanetan. Epe batean agertzen ez bada, saria ordezko zenbakiarentzako izango da: 00421.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide