Joan den urteko udal kontuen likidazioa izan dute hizpide azken udalbatzarrean

Maria Maya Manterola 2022ko maiatzaren 2a

Joan den asteko udalbatzarrean ogasun arloko gaiak aztertu zituzten, tartean, iazko udaleko eta Kirol Patronatuko kontuen likidazioa. Oposizioak udalaren egoera ekonomikoaren inguruan bere kezkak plazaratu zituen. 

Joan zen ostegunean egindako apirileko ohiko udalbatzarrean 2021eko udaleko eta Kirol Patronatuko kontuen likidazioaren berri eman zuen Udal Gobernuak, baita egonkortasun txostenaren berri eman ere. 

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak aletu zituen joan den urteko kontuen gorabeherak. Iazko gastuen behin betiko aurrekontua 18,9 milioi eurokoa izan zen, eta exekuzio kopurua % 77,77 izan da. Gajateren arabera, azken urteotako altuena izan da. Partidetan, nabarmendu zituen bankuarekin hitzartutako maileguaren ordainketa, kanpo argiteria berritzeko 1,7 euroko obraren atzerapena –dirulaguntzen ebazpena urte amaieran jaso zutenez, partida gauzatzea ezinezkoa zitzaiela argitu zuen Gajatek–, San Telmo kaleko igogailuaren proiektuaren atzerapena eta Itzurunbideko irisgarritasunaren proiektuaren lehiaketa. Dena den, iaz proiektu horiek "martxan jartzeko pausoak" eman zirela azpimarratu zuen Ogasun zinegotziak, eta aurten bukatuko direla iaz hasitako proiektu horiek. 

Sarreren inguruan jardun zuen gero: zerga eta tasei dagokienez, aipatu zuen "zuhur" jokatu zutela, "aurreikusitakoa baino % 14 gehiago" jaso baitzuten. Atzeratuta zeuden hainbat errezibo gauzatu zirelako, gainera, aurreikusitakoa baino 507.000 euro gehiago bildu zituztela gaineratu zuen Gajatek. 

Dirulaguntzei dagokienean, 2020ko likidazioan aurreikusitakoa baino 416.000 euro gehiago jaso zituzten iaz. Gajateren esanetan, dirulaguntzetan guztira, 376.050 euroko inbertsioa egin zuten; horietatik bi heren Musika Eskolarentzat izan ziren. 

2,7 milioi euroko emaitza

2021eko kontuen emaitza doitua 2,7 milioi eurokoa izan dela azaldu zuen Ogasun zinegotziak, baina aipatu zuen doikuntzen aurreko emaitza 105.000 euro dela. Zentzu horretan, nabarmendu zuen udala urteko sarrerekin urteko gastuei aurre egiteko gai dela, eta beraz, ez dituztela aurreko gerakinak erabili. 

Diruzaintzako gerakina –udalak dituen funts likidoak eta kobratzeko dituenak, ordaintzeko dauden obligazio kopurua kenduta–, berriz, 8,4 milioi eurokoa da. Aurrekontuaren egonkortasunari dagokionean, Gajatek aipatu zuen 2021eko udal aurrekonturako 1,06 milioi euroko defizita ezartzen zuela Aldundiak, baina likidazio txostenaren arabera, 1,6 milioi euroko superabita izan duela, eta beraz, egonkortasunaren baldintzak betetzen dituela. 

Era berean, Kirol Patronatuko likidazioaren berri ere eman zuen Gajatek. Aurrekontua 1,2 milioi eurokoa izan da, eta exekuzio maiala % 87,8koa, Ogasun zinegotziaren esanetan. Aurreko urteko datuekin alderatuz, exekuzio maila altuagoa izan da, baina ez da COVID-19aren aurreko zifretara iritsi, Gajateren arabera. 

Horregatik guztiagatik, udalaren egoera ekonomikoa "oso ona" dela uste du Udal Gobernuak.

EAJk kezkak azaleratu ditu

Udal Gobernuaren azalpenak entzun ondoren, oposizioko kideek hitza hartzeko beta izan zuten. Iker Mardaras mintzatu zen EAJren udal taldearen izenean: azken urteetan agertutako kezkak berresten direla argitu zuen, eta kezka horiek zerrendatu zituen jarraian. 

Pertsonal gastuen igoera aipatu zuen lehenbizi. Mardarasen hitzetan, agintaldi honetan "nabarmen" igo da pertsonal gastuetara bideratutako diru kopurua. Garbiketa zerbitzuaren publifikazioa aipatzearekin batera, Mardarasek esan zuen publifikazio prozesua "iritzi eta sinesmenetan" oinarritu dela, eta ez eraginkortasunean.

Aurrezki mailaren gutxitzeaz ere aritu zen EAJko zinegotzia. Izan ere, haren hitzetan, "Udal Gobernuaren ereduak ez du bermatzen udal proiektuak era autonomo eta jasangarri batean aurrera ematea", eta aurrezki mailak "inbertsioa finantzatzeko gaitasuna eta udal kudeaketa baliabide propioekin eta berau ematen duen autonomiarekin aurrera eramateko" modukoa beharko luke. 

Azkenik, inbertsioen exekuzio maila aipatu zuen Mardarasek. Likidazioak erakusten duen "datu deigarrienetakoa" da jeltzalearen arabera: "1,3 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean, 2020an, pandemiako urtean, 2,5 ekoa izan zenean, aurretik landutako proiektu asko gauzatu zirenean". Horrek eragin du, EAJren arabera, 2022ko aurrekontua "atzeratutako proiektuekin" osatu izana. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide