Gordailura bisita gidatua antolatu du Geoparkeak

Juan Luis Romatet

Europako Geoparkeen Astearen barruan Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bilduma Zentrora bisita antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Bisitan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. 

Larunbat goizean, Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, bisita gidatua antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Irunen aurkitzen den zentro honetara joateko autobusa jarriko du Geoparkeak. Busa goizeko 10:00etan abiatuko da Debatik, eta bisitak ordu eta erdi iraungo du (11:00etatik 12:30era). Debara itzultzeko busa izango da bisitaren ondoren.

Gordailuan zaintzen dira Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak, lurraldearen historia ezagutzeko balio duten pieza interesgarriak, alegia. Indusketetan, prospekzio arkeologikoetan edota ezustean agertutako piezak jasotzen ditu zentro honek: lehenengo gizakien aztarnak, adibidez Lezetxikiko humeroa; Ekaingo zein PraileaitzIeko arte higigarri paleolitikoa etab. Bestalde, ikerketa paleontologikoetatik jaso diren aztarnak ere gordetzen dira bertan: hamaika hartzen aztarnak, hienak, eta Arrikrutzen aurkitutako haitzuloetako lehoia ia osorik.

Bisita euskaraz eta gazteleraz egin daiteke eta parte hartzeko izena eman beharko da da formulario honetan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide