Olatz Bereziartua: "Arraunarekiko eta taldearekiko konpromisoak batzen gaitu"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko maiatzaren 29a

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Bederatzi urte igaro dira Olatz Bereziartua Aizpurua (Zestoa, 2000) Telmo Deunera batu zenetik. 2013ko irailean hasi zen arraunean, eta laugarren denboraldia du aurtengoa talde nagusian. Lehen estropadak jokatuta, ilusio handiz begiratzen dio ekarriko duenari. Talde gaztea dute, txoko askotako arraunlariek osatutakoa, baina ederki konpontzen dira. Apirileko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Lotura estua du arraunak kostaldearekin halabeharrez, baina barnealdean ere badira arraunlariak, zeu bat. Mitoa hauspotzea al da arrauna kostako kirola dela esatea?

Egia esan, gure taldean, behintzat, bagara batzuk mito horrekin apurtzen dugunok. Dezente gara Urola Kostako barnealdeko herrietakoak: azpeitiarrak, azkoitiarrak, ni zestoarra... Bi nafar ere ia hasi ziren gurekin, bata, Lesakakoa eta aurrez Hondarribian aritutakoa, eta bestea, crossfit eta mendian korrika egiten duena, baina arrauna probatu nahi zuena. Autoan hainbeste joan-etorri egin beharrak bota zituen atzera. 

Zure kasuan zerk animatuta hasi zinen arraunean?

Zestoan ez dago kirolerako aukera askorik. Futbolaz haratago, ezer gutxi. Hasiera batean, DBH garaiko lehen urteetan, futbolean aritu nintzen, baina ez nintzen ona sentitzen, eta uztea erabaki nuen. Era berean, geldirik ere ez nuen egon nahi, eta lagun bat eta biok arraunera animatu ginen. Lagunak denboraldi bakar bat ere ez zuen egin azkenean; nik, berriz, hemen jarraitzen dut.

Zer du arraunak beste kirolek ez dutena?

Taldeko giroak harrapatzen zaitu. Arraunarekiko eta taldearekiko konpromisoak batzen gaitu, zeren eta, hortik kanpo, bakoitzak bere bizimodua du: familia, lagunak, lana edo ikasketak... Nire kasuan, adibidez, erizaintzako ikasketetako azken urtean nabil, baina hala-nola, beti moldatzen naiz entrenamenduetara heltzeko, eta ni bezala, gainontzeko taldekide guztiak. Beraz, ezin hobeto ulertzen dugu elkar. Azken batean, entrenamendu asko egiten ditugu astean, eta denok alboratu behar ditugu gustura egingo genituzkeen gauzak. 

Arraunari loturiko beste mitoetako batek denboraldiaren iraupenarekin du zerikusia. Estropadak ez dituzue udan soilik izaten, ezta?

Ez. Urtarriletik apirilera arte batelen liga dago, eta hori amaituta, trainerillena izaten da apirilean eta maiatzean. Bigarrenean ia klub guztiek hartzen dugu parte; batelen lehiaketan, aldiz, gure kasuan behintzat, seniorrok ez dugu ohiturarik. Egingo bagenu ezingo genuke traineruan entrenatu; bestela ere nahiko larri ibiltzen gara ontzia betetzeko. 

Entrenatu ahal izateko hamahiru arraunlari agertu behar...

Bai. Taldea osatzeko, gainera, gutxienez hamazazpi laguneko taldea osatzea komeni da, eta aurten horretan ere muga-mugan ibili gara. Hasiera batean hamabi edo hamahiru bakarrik ginen, baina azkenean hamazazpi laguneko taldea osatzea lortu dugu. Hori bai, ia erdiak –zazpi– jubenilen taldetik igo behar izan ditugu. 

Beraz, ezin esan eskarmentu handiko taldea duzuenik aurten...

Askorentzat lehen aldia da traineruan, bai. Hala ere, ezin hobeto konpontzen gara eta itxaropentsu gaude udako estropadei begira. Datorren urtean zortzi traineru izango dira Euskotren Ligan, eta bertan aritu nahi dugu. ETE ligako lehen biak zuzenean igoko dira, eta hirugarrenak play off-a jokatuko du. Borroka horretan egon nahi genuke eta Kontxako banderaren lehiara itzuli. Iaz kolpea jaso genuen sailkapen proban.

Zuretzako ametsa betetzea litzateke bi helburu horiek lortzea?

Osatu dugun taldearekin, mailaz igotzea eta gorengo mailan elkarrekin denboraldi bat egitea sekulakoa litzateke, ezingo nuke gehiago eskatu. Dena den, ez dut gogoko halakoetan pentsatzea, ez naiz titulu goseduna. Arraun zalea eta lehiakorra banaiz, baina, taldea da betetzen nauena. Zumaian ezagutu dut arrauna, eta iruditzen zait hemendik kanpo ez nukeela berdin gozatuko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide