Zumaiako trenzubia berrituko du Euskal Trenbide Sareak

Juan Luis Romatet 2022ko maiatzaren 27a

Argazkia: Euskotren

Ehun urtetik gora dituen trenzubia berrituko du Euskal Trenbide Sareak (ETS). Lanak lizitatu berri ditu 4,3 milioi euroko kostuarekin. Eskaintzak aurkeztu nahi dituzten enpresek 15 hilabeteko epea izango dute lanak egiteko, erakundeak azaldu duenez. 

Zumaiako trenzubia 1900. urtean egin zuten, eta 1901eko lehen egunean inauguratu zuten. Denborarekin, zubia berritzeko eta segurtasuna hobetzeko lanak egin behar izan dituzte. Hala, ETSk gogoratu duenez, 1989. urtean, jatorrizko zubia sendotzeko lanak egin ziren; ondoren, 2003an, margotzeaz gain, egituraren profilen zati handi bat ordeztu zuten, elementuetan lotune torlojutuak nahiz soldatuak erabiliz. 

Trenzubiak 102 metroko luzera du guztira, eta 51 metroko argia duten bi bao, erdiko zutabe batean eutsita. Taula, sareta forman dauden metalezko bi habe nagusiz osatuta dago, eta horrek ematen dio duen itxura berezia. Zutabea eta estribuak kareharrizko harlanduzkoak dira. Euskarriak 9,40 metroko zabalera eta 12,5 metroko altuera ditu guztira. 

Egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez, estribuek hezetasunak dituzte, nabarmenagoak iparraldeko hormetan, eguzkiak gutxiago jotzen duelako. Euskarriek zikinkeria ugari dute perimetroan, herdoil erakoa, eta inguruko metalezko elementuen hondatzearen ondorioz pilatu egin da. Zutabeak hareatzeak eta lainoztatzeak ditu alboetako harlanduetan, ibaiaren joan-etorriak eta haizearen eraginak sortutako higaduraren ondorioz. Saretak herdoilduta daudela ere gainetu du ETSk, eta pintura hondatze zantzuak ere sumatzen direla egituraren zati handi batean. 

Lehiaketa irabaziko duen enpresak "metalezko egituraren zatiak ordeztu eta indartu beharko ditu; zutabeetan eta estribuetan narriatuta dauden puntuak saneatu egingo ditu. Era berean, trenbide plataformako drainatzea optimizatuko du, balastoa ordeztuko du, erreia berrituko du, katenaria aldatuko du, eta bidezubi osoa zurrustatu eta margotuko du", ETSren arabera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide