Lehen saiakeran ez da posible izan

Juan Luis Romatet 2022ko maiatzaren 29a

Denboraldi hasieran ez, orain bi urte ezarritako helburuak betetzetik hurbil geratu da gorengoen mailako Zumaiako, baina ez du errematatzerik izan lehen saiakeran. Oraindik beste aukera bat geratzen zaio, beste multzoko norgehiagoka galdu zuenaren aurka. 

Ohorezko erregional mailara igotzeko itzulerako partida jokatu zuten larunbatean gorengoen mailako Zumaiakok eta Lagun Onakek. Joanekoan, pasa den asteburuan Azpeitian jokatutako partidan, Lagun Onakek irabazi zuen 1-0 emaitzarekin, eta Zumaiakok bi goleko aldearekin irabazi beharko zien azpeitiarrei mailaz igo nahiko bazuten.

Aita Mari futbol zelaiak une handietako itxura erakutsi zuen; goraino bete ziren harmailak eta zelaiaren buelta guztia ere. Zumaiakoren zaletuei Azpeititik etorritakoak gehitu behar zaizkie. Taldeek zaletuen bultzadarik izan ez zutela ezin esan. 

Ametsak amets dira, baina batzuetan errealitateak zaplateko ederrak ematen ditu, eta Zumaiakok hasieratik erasora jo bazuen ere, golak kostakoen atean erori ziren. Partida hasi eta ordu erdirako bi golengatik ari ziren irabazten azpeitiarrak. Horiei aurreko astean jasotakoa gehitzen bazaie, lau gol sartu behar zituen igoeraren ametsa berresteko. Eta ez zen posible izan. Saiatu ziren Lagun Onaken atearen aurrean, baina ez ziren gai izan hura zulatzeko. Partida 0-2 emaitzarekin amaitu zen Azpeitiko taldearen alde.

Denboraldi galanta egin du Zumaiakok. Bere multzoko lehenak izan dira, eta ohore osoz sailkatu ziren, denboraldia amaitu baino lehen, igoera fasea jokatzeko. Oraindik beste aukera bat geratzen zaio helburua erdiersteko. Beste multzoko norgehiagokan galtzaile suertatu zen taldea, Beasain, izango du aurkari. 

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide