Kbi xake klubak gonbidatuta etorri zen Rey Enigma atzo Zumaiara. Bisitak sortu zuen halako zirrara bat, eta partidak jokatu aurretik zaletuekin –eta ez hain zaletuekin– argazkiak ateratzen aritu zen; autografoak ere sinatu zituen zuri beltzezko mozorro baten atzean ezkutatzen den xakelariak.
Lehenbizi, haurrekin aldibereko partidak jokatu zituen. 27 taula prestatu zituzten Zumaiako xake klubeko kideek, eta halako arrakasta izan zuen deialdiak, haurrek binaka jokatu behar izan zutela. Bi ordu pasa aritu zen Rey Enigma haurrekin jokoan.
Jarraian, partida azkarren txanda izan zen. Hiru minutuko 21 partida jokatu zituen, eta aurretik umeekin gertatu bezala, partida guztiak irabazi zituen.
Sentsazio oso onekin eta gustura geratu dira Kbiko kideak. Haurrekin zein helduekin jarrera oso ona izan duela nabarmendu dute.