Donostia Grand Slameko finalerdia jokatuko du Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2022ko maiatzaren 30a

Donostia Grand Slam zesta-punta txapelketaren lehen faseko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen larunbat arratsaldean Balda pilotalekuan. Herriko bi puntistak kantxaratu ziren: biek ere garaipenak lortu zituzten beraien norgehiagoketan, baina bakarra pasatu da finalerdietara.

Goikoetxea eta Irastorza Barandika eta Etchetoren aurka neurtu ziren jaialdiko lehen partidan. Lehen jardunaldian galtzaile suertatu ziren Goiko eta Iparraldeko puntistak osatutako bikotea, eta 2-0 emaitzarekin irabazi behar zuten finalerdietara pasatzeko.

Ez zen hala izan. Barandikak eta Etchetok 10-15 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta. Ondorioz, Goikoetxea eta Irastorza txapelketatik kanpo geratzen ziren. Hala ere, partida irabazi nahi izan zuten; bigarren setan 15-12 emaitzarekin irabazi zuten, eta berdinketa hausteko set laburra 5-3 emaitzarekin.

Omenaldien ondoren, B multzoko partida jokatu zuten Beaskoetxea-Lopez eta Olharan-Del Rio neurtu ziren. Biak ala biak sailkatuta zeuden finalerdiak jokatzeko, eta multzoko lehen postuan zer bikote geratuko zen zegoen jokoan. Beaskoetxea eta Lopez izan dira multzoko lehenak partida 2-0 emaitzarekin irabazi ondoren.

Datorren larunbatean, hilaren 4an, jokatuko dira txapelketako finalerdiak Balda pilotalekuan: Barandika eta Etcheto Olharan eta Del Rioren aurka arituko dira, eta Beaskoetxea eta Lopez Aritz Erkiaga eta Lekerikaren aurka. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta sarrerak www.eventbrite.com webgunean eros daitezke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide