Larunbatean, ekainaren 25ean, goizeko 6:30ean aterako dira Zumaiatik, eta egunean bertan Larrain mendatera joango dira lehenbiziko ibilibidea egiteko. Belaguara eramaten duen bidean Gastarrigaina, Otsogorrigaña eta Lakartxela igoko dituzte. Nafarroa eta Zuberoa artean ibiliko dira, EH_23 izenez bataiatu duten ibilbidean, eta bideko 17 kilometroetan ikuspegiak ziurtatuta daudela diote antolatzaileek. "Lasai hartuta, 970 metroko desnibel metatua ez da oztopo izango ikuspegi hauez gozatzeko". Arratsaldea biribiltzeko, Izaba herrian pasatuko dute denbora, bertan aurkitzen baita ostatua.
Igande goizean, ekainaren 26an, egingo dute bigarren ibilbidea, EH_24 izena jarri diotena. Belaguatik aterata, Hiru Erregeen Mahaia igoko dute, eta Linzako aterpetxean amaituko dute. Indamendikoen esanetan, mendi ederra da Hiru Erregeen Mahaia, "denetik pixka bat duelako". Euskal Herriko garaiena izateaz gain, "bere ibilbidean basoak, zelaiak, karstak, trepada arin bat, goi mailako mendi ingurua eta gailurrean oso berezia den buzoi bat ditu". Jaitsiera Linzako aterpetxera egingo dute, eta bertan, "berandu izango bada ere", plater bat jateko aukera hitzartuta dute. "Gure zeharkaldiko ibilbide gogorrena izango da, bai luzeraz eta baita ere desnibel metatuagatik. 21 kilometro eta 1.300 metrotako desnibel metatua ditu. Ala ere, euskaldun batek noizbait egin beharreko txangoa da, eta aukera ezin hobea duzu horretarako Indamendi MBren eskutik".
Interesdunek elkartearen kontuen kontuan (Laboral Kutxa ES27 3035 0037 44 0370007083) egingo dituzte dirusarrerak: 120 euro bazkideek eta 150 euro gainontzekoek. Ordainagiria posta elektroniko bidez helarazi beharko dute indamendi1@gmail.com helbidera, edo goiko estankoan utzi. Diru kopuru horretan autobusa, Isaba hotelean gau bat mantenu erdian, eta Linzako aterpetxean plater konbinatu bat barne daude. Izena emateko epea ekainaren 15ean itxiko dute. Lekua mugatua izango da. Irteera berezi hauetan parte hartzeko federatuta egotea edo aseguru pertsonala edukitzea ezinbestekoa dela gogoratu du mendi bazkunak.