Euskal Ligara igotzeko beste aukera bat izango du Labarra Pulpo taldeak

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 1a

Euskal Ligara igotzeko beste aukera bat izango du Labarra Pulpo taldeak datorren asteburuan. Igoerako play offa jokatuko du etxean, Lubaki kiroldegian, eta igande eguerdian jakingo da helburua lortzen dute edo ez.

Pasa den larunbatean amaitu zen igoerako lehen fasean Tolosak erdietsi zuen Euskal Ligarako igoera, eta Labarra Pulpok bigarren amaitu zuen. Sailkapenean bigarren amaitzeak aukera eman dio Zumaiako taldeari igoerako play offa etxean hartzeko. Lehen fasean aurkari izan dituen beste hiru taldeak izango dira, Labarra Pulporekin batera, igoera emango dien postu bakar horren bila. 

Larunbatean, ekainaren 4an, play offeko finalerdiak jokatuko dira. Lehen partidan, Labarra Pulpok Condunor Askartza Leioako taldea izango du aurkari. Partida 17:00etan hasiko da. Bigarren norgehiagoka Txingudi Goibar irundarrek eta Easygas Urduliz bizkaitarrek jokatuko dute, 19:00etatik aurrera. Bi lehietako irabazleek jokatuko dute finala, igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. 

Partida hauek duten garrantziaz jabedun, eta Lubaki kiroldegia Labarra Pulpo taldea animatu eta bultzatuko duten zaletuez betetzeko asmoarekin, klubak harmaila gehigarriak jarriko ditu. "Kiroldegia beteta behar dugu taldea denon artean garaipenera eramateko", azaldu dute klubeko ordezkariek.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide