Agur hunkigarria eskaini dio Artalekuk Kauldi Odriozolari

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 1a

Kauldi Odriozola denboraldi amaieran Bidasoa utzi duten beste hiru jokalariekin. Argazkia: C.D. Bidasoa

Bidasoa taldearekin Artaleku kiroldegian jokatzen zuen azken partida izan zen igandekoa Kauldi Odriozolarentzako. Zazpi urte egin ditu Irungo taldean, eta datorren denboraldian Frantzian arituko da, Nantes taldean. Datorren asteburuan Zaragozan jokatuko den Copa Asobalen arituko da Odriozola Bidasoarekin.

Asobal ligako 2021-2022 denboraldiko azken jardunaldia jokatu da pasa den asteburuan. Irungo Bidasoa taldeak Benidorm taldea hartu zuen Artelekun. Sailkapeneko bigarren postua zegoen jokoan: Bidasoak irabazi behar zuen eta Granollersek galdu irundarrek bigarren egiteko; biek, baina, beraien partidak zituzten, eta hirugarren postuan amaitu du Bidasoak.

Datorren asteburuan Copa Asobalen arituko da Odriozola Bidasoarekin. Izan ere, datorren denboralditik aurrera Frantziako Nantes taldean arituko da jokalari zumaiarra. 

Igandeko agurra "oso hunkigarria" izan zela dio Odriozolak. "Azkenean, etapa bat ixten da zazpi urte eta gero. 18 urterekin etorri nintzen Bidasoara Pulpotik; urte oso politak igaro ditut. Oso gustura nago egindako lanarekin, oso harro. Oso maitatua sentitu naiz. Azken partida honetan ere jende guztia tente zegoela despeditu gintuzten, eta oso hunkigarria izan zen", azaldu du. 

Zumaiarrak pena sentitzen du bere taldeak ezin izan duelako bigarren postuan amaitu Bartzelona indartsuaren atzetik. "Azken jardunaldira arte ibili gara borrokan bigarren postua lortzeko. Egia da itzulerakoa luze egin zaigula; Europan ere bageunden eta partida pila bat jokatu behar izan ditugu, eta pena bigarren bukatu ez izana. Baina orokorrean oso denboraldi ona izan da. Kontuan hartu behar da Granollersek ez zuela Europan jokatzen, eta guk denboraldi amaieran izan ditugun lesio guztiak. Hori dena kontuan hartuta, handia da hirugarren bukatzea, datorren urtean Europan aritzea, gainera aurten ere Europan paper ona eginda", gaineratu du Odriozolak. 

Datorren denboralditik aurrera Frantziako ligan arituko da jokalari zumaiarra. Nantesera uztailaren 17an edo 18an joango dela aurreratu du. Espainiako selekzioarekin ere arituko da uda honetan, Aljerian, Mediterraneoko jokoetan. Aurretik, oporrak hartuko dituela azaldu du, "deskonektatzeko eta pixka bat disfrutatzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide