Giro ederrean ari dira ospatzen Emakumeon* Etxeko festa

Maria Maya Manterola 2022ko ekainaren 4a

Goizean goizetik herritar ugari bildu da Emakumeon* Etxean eta Martxoak 8 plazan. Iazko urritik Zumaiako emakumeen* topagunea izan da etxea, eta "elkarrekin piztutakoa" ospatu eta ezagutzera emateko egun osoko festa antolatu dute.

Iazko urrian zabaldu zituen ateak Emakumeon* Etxeak. Orduz geroztik jarduera ugari izan da, eta zumaiar askoren topagune bihurtu da. Ikasturteari amaiera behar bezala emateko, uda aurreko festa ospatzen ari dira gaur. "Orain arte elkarrekin piztutakoa" ospatu nahi dute, baina baita proiektuaren berri oraindik ez duenak hura ezagutzeko aukera eman ere. 

Goizean goiz Emakumeon* Etxearen pareko Martxoak 8 plaza hartu du sortzaileen azokak. Askotariko produktuak ikusi ahal izan dira postuetan: belarritakoak, marrazkiak, arropa, poltsak, jakiak... Eta sormena lantzeko beta ere izan dute, Maddi Urangak eta Zutanik eskainitako tailerrean.

Tabladu txikian, berriz, herriko musikariak aritu dira, eta era askotako abestiekin girotu dute ingurua. Malen Etxeako kideek, berriz, etorkinen erregulazioa eskatzeko performancea egin dute oholtza horretan bertan. Bitartean, Irn Tattoo tatuaiak egiten aritu da, eta Eva Franco argazkiak ateratzen Emakumeon* Etxean bertan atondutako photocallean. Body paint performancea ere zuzenean ikusi ahal izan dute bertaratutakoek, Amaia Urrestillaren eskutik. 

Eguerdian bertso bazkaria izango da, eta 120 pertsona batuko dira Martxoak 8 plazaren pareko aterpean. Esther sound system dj-aren erritmora gorputzak astinduko dituzte gero, eta herriko kaleetan jarraituko du festak, batukadaren laguntzaz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide