Kale edo bale. Oraingo honetan ez zegoen huts egiteko aukerarik. Mailaz igotzeko lehen aukeran ezin izan zuen Zumaiakok garaipenik erdietsi, eta Lagun Onak talde azpeitiarra izan zen igoera lortu zuena. Bigarren aukera bat geratzen zitzaien, baina, gorriei: aurreko neurketan galtzaile suertatu zen taldea, Beasain, izango zuten aurkari, partida bakarrera eta zelai neutralean, Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian hain zuzen ere.
Burua altxatu, eta lanera atera dira zumaiarrak Elgoibarko berdegunera. Hasi eta minutu gutxira jarri zaie partida maldan behera Ibanek lortutako gol bati esker. Pozaren pozez ospatu dute gola Zumaiakoko jokalariek, baita Mintxetara hurreratu diren zaletuek ere. Esan beharrik ez dago taldea ez dela bakarrik egon gaurko norgehiagokan. Autobusez batzuk, auto partikularretan bestea, zaletuak bere taldea bultzatzera joan dira partida honetara.
Neurketa ordu erdira heltzen ari zela lortu dute bigarren gola gorriek, Gorostolaren eskutik. Partidaren herena jokatuta 2-0 jarri da aurretik Zumaiako, eta ametsa lortzeko bidea oraindik eta gehiago zabaldu zaie. Emaitza honekin joan dira bi taldeak atsedenaldira.
Lehia, jokoa, bi taldeak borrokan, bigarren zatian ez da markagailurik mugitu partida azken ordu laurdenean sartu den arte. Igoera ia ziurtatzen zuen hirugarren gola sartu du Aimarrek. Ez dute, baina, zumaiarrek ospatzeko denbora handirik izan, minutu eskasera sartu duelako bere lehen gola Beasainek. 10-15 minuturen faltan 3-1 zegoen aurretik Zumaiako, eta gauzak gaizki, oso gaizki jarri beharko zitzaion helburua, ametsa ez lortzeko.
Ez da, ordea, sufrimendurako unerik izan. Telleriak laugarren eta azken gola sartu du, eta hor bai, zelaian zeuden jokalariak, eta eserlekutik jarraitzen zuten guztiak besarkada handi batean elkartu dira.
Zuzendaritza berria klubean sartu zuenean amets hau zuen, helburu hau: Zumaiakoren gizonezkoen lehen taldea dagokion lekura itzultzea, Ohorezko mailara, eta hala egin dute, espero baino sufrimendu handiagorekin izan bada ere. Izango dute jokalariek, talde teknikoak eta zuzendaritzak lortutakoa ospatzeko aukera. Merezita, gainera.


