Bost urte luze behar izan ditu Pulpoko mutilen talde nagusiak Euskal Ligara itzultzeko. Lana beltz egin behar izan dute, behin maila galtzen duzunean, malda gora uste baino tenteagoa izaten baita. Horregatik, partida amaitu eta minutu gutxira, artean emozioei eusteko larri, gogoan izan ditu Iraitz Mugika entrenatzaileak bere aurretik aritutako guztiak: "Hau denok egindako lanaren emaitza da. Aurten iritsi da, bai, baina aurretik lan asko egin da. Eta urte zailak izan dira, pandemia dela edo bestelako oztopoak direla, ez dugulako haizea alde eduki. Baina azkenean lortu dugu. Denboraldi osoan erakutsi du taldeak merezi zuela, partidaz partida erakutsi dugu. Gero, Tolosaren kontrako partidan huts egin genuen eta gogorra izan zen zuzenean ez igotzea. Baina taldeak buelta eman dio eta gai izan gara Pulpo dagokion tokira eramateko".
Hunkituta, baita ere, Iban Narbaiza presidentea, harmailetatik jasotako bultzadarekin liruratuta. "Bide luzea izan da, baina egindako ahalegin guztiak merezi izan du. Sekulakoa izan da zumaiarren babesa, ikaragarria harmailak beteta ikustea eta taldeari emandako bultzada. Pulpo bere tokia berreskuratzen hasi da. Euskal Ligan eta hortik gora dago gure lekua. Talde hau gaztea da eta atzetik ere badatoz jokalari gehiago. Itxaropentsu izateko arrazoiak dauzkagu".
Pozak eragindako malkoak, bihotzetik emandako besarkadak, sabeletik jaurtitako oihuak, nekerik gabeko jauziak. Tentsio guztiak eztanda egin du Lubakin partida amaitzearekin bat, 25-22ko emaitzarekin ametsa egin bihurtu baita. Azken unera arte ez baita erabateko lasaitasunik izan ez kantxan, ez harmailetan: inoiz amore ematen ez duen talde horietakoa da Txingudi. Izan ere, partidako lehen hamar minutuetan salbu, Pulpo aurretik izan da markagailuan uneoro. Jokoaren kontrola ere izan du ia partida osoan, baina Txingudi ez da inoiz partidatik erabat joan eta garesti saldu du igoerarako txartela.
Lehen txanpako urduritasunak gaindituta, Pulpok aurrea hartu du markagailuan hamargarren minututik aurrera. Defentsako lanak ongi egin dituzte eta pixkanaka tartea zabaltzeko gai izan dira, atsedenaldira 13-10 iritsi direlarik. Bigarren zatiaren hasierarako bat gutxiagorekin zen Txingudi, lehen zatiko azken jokaldian bi minutuz kanporatua izan baita Txingudiko jokalari bat. Aukera ederki aprobetxatu du Pulpok: 17-11 aurreratu dira bigarren zatiko zazpigarren minuturako, eta hortxe sumatu da partida hausteko lehen aukera. Baina ez berehala. Indarrak orekatu egin dira, talde bakoitzak ondo aprobetxatu ditu aurkariaren kanporatzeak, eta azken 10 minutuetara 22-16koarekin iritsi dira. Azken ahalegina baino ez zen falta.
Orduan etorri da, baina, Txingudiren erantzuna. Defentsa zorroztuta, hiruzpalau minutuz Pulpok arazoak izan ditu erasoan jokaldiak borobiltzeko eta 23-20 estutu du aldea Txingudik, baloia lapurtu eta kontraerasoan jokatuta. Bost minutu falta ziren amaitzeko eta tentsioak nabarmen egin du gora Lubakin. Zorionez, azken minutuak ondo kudeatzeko gai izan da Pulpo. Defentsa estututa, Txingudik ez du gehiago gerturatzeko modurik izan eta azken minutu eta erdira partida irabazita iritsi dira zumaiarrak.
Azken txirrinarekin, jauziak, oihuak, malkoak, besarkadak, txaloak eta poza. Sekulako poza. Eta hurrengo denboraldia hasteko irrika.
Pulpo 25-22 Txingudi
Pulpo: Santamaria, Espilla (1), Martinez (6), Sasiain (1), Urresti (2), Segurola (4), Unanue (4), U. Etxabe (6), Tena, Moriana (1), Garcia, Yeregi, J. Etxabe, Manterola, Martikorena, Romatet.
Txingudi: Santa, Thalamas, Lete, Carrillo (4), Eizagirre (1), Susperregi, Yanci, Isidro (1), Garnica, Carrascosa, Lopez (4), Garcia (9), Zamora, Sanz, Bartolome (1), Dorronsoro (2).
Markagailua: 2-3, 4-5, 8-6, 10-6, 10-8, 13-10; 15-10, 17-13, 21-15, 22-16, 23-20, 25-22.