Eskola Kirol Egokituko (EKE) taldea sortu zuten pasa den urtean eskualdeko herri batzuetan desgaitasunak dituzten haurrak eta gazteak jarduera fisikoa egitera animatu eta beraien artean kirol bizitza sustatzeko asmoz. Ekimenal lehen urte honetan emandakoaren berri kontatu zuten haren bultzatzaileek Zumaiako udaletxean egindako agerraldian.
Debako, Itziarko, Zestoako, Zumaiako eta Aizarnazabaleko haur eta gazteek hartu dute parte EKE talde honen lehen urtean. Egitasmoa, berez, desgaitasuna duten Getariako eta Mutrikuko haur eta gazteei ere zabalduta dago, baina lehen urte honetan ez da getariarrik edo mutrikuarrik izan taldean. "Haur eta gazte hauen gurasoei parte hartzeko atea zabaldu diegu, baina horrek ez du esan nahi ate hori zeharkatuko dutenik", laburbildu zuen Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendariak. Asteazkeneko agerraldian izan ziren, baita ere, ekimen honetan parte hartu duten herrietako edota erakundeetako ordezkariak: Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Aitor Salegi Zestoako zinegotzia, Antxon Etxeberria Debako zinegotzia, Antxon Alberdi Zumaiako kirol patronatuko gerentea, eta Unai Asurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikaria.
Foru eta udal ordezkari hauetan Zumaian egindako ekitaldian azaldu zutenez, eskola adinean dauden umeen %7ak desgaitasun bat du. Horren aurrean, galdera bat egin zuten: "prestatuta al gaude herritar horien jarduera fisiko eta kirol bizitza sustatzeko?". Galdera horri erantzun nahian, 2021-2022 ikasturtean EKE taldea abiatu zuten. "Talde hau desgaitasuna duten ikasleei ohiko kirol eskaintzak ematen ez dien aukera asetzeko antolatu dugu", adierazi zuen Iñaki Ostolazak.
Instituzioen inplikazioa
Eskualdeko eta inguruko herri batzuek biltzen dituen taldea udalen arteko harreman eta inplikazioarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren eta Foru Aldundiaren bitartekaritzarekin sortu zela ere gogoratu zuen Zumaiako alkateak.
Alvarezek nabarmendu nahi izan zuen talde hauek aukera ematen dietela desgaitasuna duten haurrei bere herriko neska-mutilekin berdintasunean kirola egiteko. "Kirol modalitate desberdinetan aritzeko aukera ematen die Eskola Kirolak haur hauei, baina berdintzailea izan dadin saiakera egin behar da. Hori da erronka, eta horretarako baliabideak jarri behar dira".
Lurraldean guztira 22 EKE talde daudela ere informatu zuen kiroletako zuzendariak. "Familiei aukera ematen diete programa honetan parte hartzeko; ez dute beraiek ate joka ibili beharrik", gaineratu zuen Alvarezek. Zentzu horretan, "etengabeko sentsibilizazio lana" egin behar dela gaineratu zuen Asurmendik, "eskaintzen den hau beraiena ere badela ikus dezaten".
Lehen urteak emandakoaren balorazio bat eskatuta, Alvarezek esan zuen familiek beraiek baloratu behar dutela ea beraien haurrak "sistema honetako parte hartzaile izatea baliagarria izan den ala ez".
Bederatzi parte hartzaile
Bederatzi izan dira EKE taldearen lehen urte honetan parte hartu duten haurrak: Zumaiako bost gazte, eta Debako, Itziarko, Zestoako eta Aizarnazabalgo bana aritu dira. Hauen beharrei erantzuteko Zumaiako Kirol Patronatuak hiru monitore kontratatu dituela ere adierazi duten. "Astean bi saio dituzte eta bi taldetan antolatuta daude. Kirol Egokituko Federazioak hasierako trebakuntzak eta jarraipena eman die eta etengabeko hartu emana izan da denen artean", azaldu zuen Ostolazak.
Kostea –9.000 eurokoa aurten– aldundiaren eta ekimen honetan parte hartu duten udalen artean finantzatu dutela ere esan zuten agerraldian. "Aldundiak herena jarri du, eta beste bi herenak parte hartu duten udalen artean ordaindu dugu, biztanleen arabera".
Ekimenak datorren urtean jarraituko duela ere azaldu zuten haren sustatzaileek. Izenak ikastetxeetan emango dira, baina aukera ere zabalduko da tokian tokiko kiroldegietan ere.