Aitor Agirre: Ametsa betetzea litzateke profesional izatera heltzea

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 12a

Gazte mailari agur esanda lehen urtea du afizionatuetan Aitor Agirre Egaña (Zumaia, 2003) txirrindulariak. Hori gutxi balitz bezala, taldez ere aldatu du: Viveros San Antonetik Euskadi Fundazioaren Laboral Kutxa taldera egin du jauzi. Denboraldi hasiera, ordea, ez da oso ona izan, bi eroriko izan baititu. Dena den, hori ahaztuta, gogotsu dago aurretik dituen erronkei ekiteko. Elkarrizketa hau maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratu genuen.

Nolako txirrindularia da Aitor Agirre Egaña?

Ordekan mendateetan baino hobeto moldatzen naiz, erlojupekoetan, batez ere; baina gustuko ditut aldapatxoak ere. Gorabehera askoko ibilbideak ditut gustukoen, txirrindularitza profesionaleko udaberriko klasikoen tankerako lasterketak.

Nolakoa ari da izaten egokitzapena afizionatu mailara?

Uste nuena baino errazagoa ari da izaten. Egia da lehen bost lasterketatik bitan erorikoak izan ditudala, baina ez dira larriak izan. Gainera, diotenez bolada txarraren ondoren ona dator; beraz, aurrerantzean gehiago ez jaustea espero dut.  

Zertan antzeman duzu aldaketarik handiena? 

100 kilometro inguru lasterketak egitetik 150 kilometroko lasterketak egitera pasatu naiz. Horrez gain, tropela osatzen dugun txirrindularion artean adin tartea ere zabalagoa da orain, eta hori ere igartzen da, noski; eskarmentuan, batez ere. Martxoan korritu genuen lasterketetako bat, esaterako, 35 urteko txirrindulari batek irabazi zuen; Frantziako Tourrean aritutakoa, gainera.

Prestaketa ere ez da lehengoa izango. Zenbat entrenatzen da txirrindulari afizionatu bat?

Entrenamenduak luzeagoak eta aldi berean gogorragoak dira, biziagoak. Guztira 13 bat orduz entrenatzen naiz astelehenetik ostiralera, egunaren arabera gehiago edo gutxiago: saio lasaiak ordu eta erdikoak izaten dira, gutxi gorabehera, eta gogorragoak 3 edo 4 ordukoak.  Taldeko zuzendaria dut entrenatzaile, eta berak agintzen dit astean zehar egin beharrekoa. 

Zumaiako taldean, Viveros San Antonen, herriko lagunekin aritzetik afizionatuetako talde garrantzitsuenetako batera egin duzu jauzi. Hor ere izango da aldea...

Bai. Lehen gertukoa zen harremana, familia moduko bat osatzen genuen eta lasterketa aurretik bertsotan aritzen ginen maiz; orain, serioagoa da taldeko giroa. Txantxak ere egiten dizkiogu elkarri, baina behin kaskoa eta dortsala jantzita, lasterketa abiatzeko ordu erdia falta denean, isiltasuna nagusitzen da. Bakoitzak zuzendariak agindutako talde estrategia betetzea baino ez du buruan.

Azkar hartu zenuen Laboral Kutxaren eskaintza onartzeko erabakia? 

Beste talde baten eskaintza ere izan nuen eta zalantza egin nuen nora joan. Beste eskaintzan, baztertu nuenean, presio gutxiago izango nuen eta lasterketak lasaiago hartzeko aukera, zeren eta banekien Laboralen serioago hartu beharko nituela eta lehen urtean taldekide nagusien mesedetan lanean aritu beharko nuela, gehien bat. Momentuz, urte bakarra adostu dugu eta jarraipena egiten dudan denboraldiaren araberakoa izango da.

Euskaltel Euskadi taldearen harrobia da Laboral Kutxa, horra iritsi eta profesional bilakatzea duzu helburu?

Ametsa betetzea litzateke profesional izatera heltzea eta Euskal Herriko itzulian edota Donostiako klasikoan parte hartzeko aukera izatea. 

Eta aurtengo denboraldiari begira, zer erronka jarri diozu zeure buruari?

Aurtengoa ikasteko urtea da, lasterketaren bat irabaztea oso zaila izango da; beraz, 10 lehenengoen artean helmugaratuz gero, gustura nengoke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide