Herriarteko zesta-punta txapelketako finalak eta eskuzko txapelketako finalaurrekoak, gaur Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 24a

Pilota partidarik ez da faltako gaur Zumaian. Alde batetik, Herriarteko zesta punta txapelketako finalak jokatuko dira Aitzurin; eta bestetik, eskuzko txapelketa herrikoiko finalerdiak Odietan.

Herriarteko zesta-punta txapelketako finalak jokatuko dira gaur, 18:00etatik aurrera, Aitzuri frontoian. Zumaia eta Mutriku neurtuko dira txapelketako azken partida hauetan. Ligaxkaren amaieran puntutara berdinduta amaitu dute bi herriek, baina Mutriku izan da lehena tantoengatik. 

Kadete, jubenil eta seniorren mailan jokatuko dira partidak. Kadetetan, Amets Etxabek eta Frida Watkinsek jokatuko dute Zumaiaren izenean; jubeniletan Gonzalo Agirrek eta Danel Odriozolak; eta seniorretan Eduardo Agirrek eta Unai Urangak. Hiru neurketetatik gutxienez bi irabazten dituen herriak jasoko dute txapelketako irabazlearen garaikurra.

Ordu berean, 18:00etan, eskuzko txapelketa herrikoiko finalerdiak jokatuko dira Odieta frontoian (eguraldi txarra egiten badu, Zumaiako Herri Eskolako frontoian). Ligaxka moduan jokatu den lehen fasea amaituta, lehen lau bikoteak pasatu dira finalerdietara. Gaurko norgehiagokak hauek izango dira:

  • 1. Finalerdia: Etxabe-Oliden Vs Aizpurua-Salegi
  • 2. Finalerdia: Odriozola-Iribar Vs Iribar-Martija

Finala datorren ostiralean, uztailaren 1ean, jokatuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide