Ibai Azanzak irabazi du Zumaian jokatutako Gipuzkoako Itzuliko etapa

Juan Luis Romatet 2022ko ekainaren 25a

Zumaiako XLIV. Uda Saria txirrindularitza proba jokatu da gaur goizean. Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa ere izan da Zumaiako proba hau, eta parte hartze handia izan du. 

Euskal Herriko, Aragoiko, Kataluniako edota Galiziako taldeak hurreratu dira gaur Zumaiara Gipuzkoako Itzuliko etapa jokatzera. Itzulia atzo hasi zen sarrerako etapa laburrarekin, Idiazabalen, eta Andoainen eta Seguran jokatuko dira hurrengo bi etapak, igandean eta astelehenean. 

Plazan egindako sinatze ekitaldiaren ondoren, goizeko 10:30ean abiatu da lasterketa, euripean. Ez zuten baldintzarik onenak errepidera ateratzeko. 95 kilometroko bidea bete dute etapan parte hartu duten junior mailako ia 200 txirrindulariek. 

Etapako irabazlea Ibai Azanza (Vizcay Hermanos) izan da, 2:18:57 denborarekin. Bakarrik heldu da Axular ibiltokian kokatutako helmugara. Atzetik bost txirrindularik osatutako taldetxoa heldu da ia minutura.

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko Adur Tapia lasterketaren buruan ibili da, baina karrera bukatzeko zazpi kilometroren faltan eroriko bat izan du, eta lehen postuetan bukatzeko aukera guztiak galdu ditu.

Azanza da itzuliko sailkapeneko burua; bigarren dagoen Mikel Uncillari 55 segundoko aldea ateratzen dio.

Argazkiak: Juan Luis Romatet eta Ihintza Elustondo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide