Udal adierazpena LGTBI+ Harrotasunaren Egunean

Baleike 2022ko ekainaren 28a

LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, ekainaren 28a, eta horren harira adierazpena plazaratu du Zumaiako Udalak. Horrez gain, Mugimendu Feministak deituta arratsaldean, 19:00etan, Saregile plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak. 

Honela dio udalak LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean plazaratutako adierazpenak:

"Ekainaren 28an, LGBTI+ harrotasunaren egunean, aldarrikatzen dugu harro gaudela gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBTI+ mugimenduaz.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTI+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta, ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak eta abar ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.

Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalean LGTBI+ pertsona eta kolektiboen bizi baldintzak hobetzeko helburua duen ekintza plan integrala osatzen ari gara. Eta konpromisoa hartzen dugu, ekintza plan hori urtez urte garatzen joateko. Prozesu honetan, herriko era askotako LGBTI+ erreferente eta norbanakoekin lan egingo dugu eta horiek aktibatzeko modua sustatuko dugu.

Horretaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko. Amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide