Bost kontzertuk osatuko dute VII. Flysch organo zikloa

Maria Maya Manterola 2022ko uztailaren 1a

Jaialdiaren aurkezpenean izan dira erakundeetako ordezkariak eta nazioarteko organo-jotzaileak. (GFA)

Bihar hasiko da Orion, eta hilabetean zehar geldialdiak egingo ditu Zumaian, Deban eta Getarian. 

Aldundiak organo jaialdia antolatu du beste urte batez, udalen laguntzarekin. Ekimena zazpigarren ediziora heldu bada ere, hasierako helburuak aipatu dituzte jaialdiaren aurkezpenean: organoa tresna gisa ezagutaraztea, ondarea zaindu eta balioestea eta, batez ere, Gipuzkoako eskaintza kultural turistikoa erakargarriagoa egitea. 

Pandemiaren ondorioz organo zikloaren azken edizioen datak gorabeherak izan badituzte ere, uztailean egingo da berriz ere. Bada berrikuntzarik, gainera: aurten AECC minbiziaren aurkako elkartearentzat bilduko da dirua bost kontzertutatik bitan, eta datozen ediziotan kontzertu guztiekin gauza bera egiteko asmoa ere agertu dute antolatzaileek. 

Hona hemen VII. Flysch organo zikloko kontzertuak: 

Orio
Uztailaren 2an, 19:30ean. Aarón Ribas. Gaueko salda. Introspekziotik su artifizial nabarmenetara.

Zumaia
Uztailaren 9an, 20:30ean. Andra Mari Abesbatzak Junkal Guerrero euskal konpositorearen Arimen Besarkadan (Requiem) interpretatuko du. Zuzendaria, Andoni Sierra. AFAGIren aldeko ongintzazko kontzertua.

Deba
Uztailaren 16a. Santiago Banda eta Ana B. García. Orkestrarako transkripzioak. Julio Blasco García konpositoreak 4 esku eta 4 oineko organorako moldatutako orkestra-piezen mundu-estreinaldia. AECCren aldeko ongintzazko kontzertua.

Uztailaren 30a. Jon Laukvik. Alemaniar tradizioa XVIII. mendetik XIX. mendera.

Getaria
Uztailaren 23an, 20:00etan. Jesús Gonzalo López. H. Eslavatik E. Torresera, organorako musika 1854 eta 1934 artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide