Agustin Zubimendi: "Pandemia garaian abesbatzak jarraitu badu abeslariengatik beraiengatik izan da"

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 8a

Udako kontzertua eskainiko du gaur Beheko Plaza Abesbatzak, 20:00etatik aurrera, Komentuko kaperan. Osasun krisialdia hasi zenetik Zumaian emango duen lehen kontzertua da eta taldea ilusioz gainezka dagoela azaldu du Agustin Zubimendi zuzendariak.

Udako kontzertua emango duzue gaur Komentuan. Donostian eman zenuten bat pasa den urte bukaeran, baina herrian aspaldi ez duzuela abestu.

Bai, baina hura, Donostiakoa, elizakoa izan zen. Kontzertu bezala, agian hiru bat urte izango dira ez dugula emanaldirik izan. Kalean bai, azkeneko santelmoetan ere aritu ginen, baina orduan ere dozena bat lagun gabe aritu ginen, COVIDa zela eta. 

Pandemia garai honetan erraza izan al da abesbatzaren funtzionamenduarekin jarraitzea?

Arazorik handiena izan da ez dugula lokal egokirik entseatzeko. Hemen goian, hogarrean, gure lokalean, hamar lagun baino gehiago ezin ziren sartu. Txandaka entseatzen genuen: egun batean tenorrak, hurrengoan baxuak, hala. Noizean behin Komentura joaten ginen eta han denok entseatzen genuen batera. Gero maskara zela… maskararekin abestu behar hori. Oso ernegagarria izan da. 

Agian nahikoa izan da abesbatza mantendu izana pandemia garai honetan.

Bai, bai. Nik ez dakit nola eutsi dugun. Eutsi diogu abeslariak beraiengatik; beraiek egon dira eskatzen ea noiz hasiko ginen berriro. Nik ardura ere sentitzen nuen; egoera zegoen bezala ezin ginela berriro hasi pentsatzen nuen, baina beraiek eskatzen zuten. Santelmoetako kalejiraren aurretik dozena bat baja genituenean, pertsona batek esan zidan: “klaro, denok batera entseatzen duzue eta…”. Erantzun nion asteak dituen ordu guztiak kontuan hartuta, kasualitatea izango zela entseatzen genuen bi ordu horietan harrapatzea birusa.

Birusa dela eta deseroso ibili gara. Meza abestu behar zenean Parrokian bertan entseatzen genuen, baina ilusio handirik gabe. Ilusioa sortzen diguna udako kontzertu hau da, Mari Carmenen [Azpeitia] pianoarekin eta. Dena beharko dugu. Bueltan hasi ginenean herdoilak jota geunden. Hasi abesten eta ikusten nuen ahotsak nola zeunden. Hori dena garbitzeko ariketak-eta egin behar izan ditugu. Bai, bai, igarri da.

Esan daiteke berriro hasi behar izan duzuela. 

Oinarri bat, kutsu bat bazegoen, baina bai. Nik ere badut ilusioa, baina egia da beraiek dutela handiena. Oso gustura aritu gara. Gero, gertatu zaiguna da denbora honetan abeslari batzuk hil egin direla. Datorren kurtsotik aurrera jende berria sartu behar dugu koroan. Batzuekin hitz eginda nago dagoeneko koroan hasteko. Ia ohartu gabe zahartzen ere ari gara. Badugu 60 urte inguruko jendea, baina batzuk 80tik gorakoak dira, eta hor badago tarte bat behar dena. Kontzertu honetan dugunarekin abestuko dugu, baina datorren kurtsotik aurrera jende lauzpabost lagun sartuko ditugu.

Udako kontzertu honetarako ilusio berezia duzuela diozu.

Bai. Azken aldian ez dugu uniformerik jantzi ere egin. Santemoetan, normala den bezala, arrantzalez jantzita kantatu genuen, eta Donostian ere bai, arrantzalez jantzita. Gaur uniformea jantziko dugu, galtza beltzak, alkandora zuria, bada hori zerbait. Ilusioa dugu, gogoa ere bai. Jendea sasoi onean dago. Ez dakit kantatzeak berak eragiten dien sasoi hori. Egia da abestea ona dela, bai bururako, baita gorputzerako ere. 

Nola osatu duzu kontzerturako programa?

Lehen ideia izan zen Kantauriko herrialdeetako abestiekin osatzea egitaraua. Chalaneru asturiarrarekin hasiko gara. Asturiarra, baina Angel Enbil zumaiarrak idatzitakoa. Hasteko zer hobeto. Viento del norte ere abestuko dugu. Asturias, Santander, Leon, inguru horretakoa da. Oso popularra da inguru hartan. Reina del placer, berriz, habanera bat da, galiziar batek konposatutakoa. Ukrainako abesti bat ere sartu dugu, Suliko. Kontuan hartuta Justok [Argoitia] alaba ukrainarra duela, Marina, erabaki genuen abesti polit hori kantatu behar genuela. Edadetuei omenaldia egin zietenean abestu genuen, Musika Eskolako umeek lagunduta. Izugarri polita da, eta programan sartu dugu. 

Zumaiako kontzertuaren ondoren ba al duzue beste emanaldi edo irteerarik?

Bi irteera jada hitzartuta ditugu, baina zain gaude zer datatan egin: bat Camargora (Kantabria) eta bestea Errenteriara. Olarro Egunerako ere abesbatza bat ekarri behar dugu, eta zalantzatan nago zer koro ekarri. Santelmoetan abesbatza bat ekartzen badugu eta Olarro Egunean beste bat, hor bi irteera ziurtatuta izaten ditugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide