Pasa den asteburuan abiatu zen Orion aurtengo Nazioarteko Flysch Organo jaialdia. Bost hitzorduz osatuko da kostaldeko lau herritan egingo den jaialdiaren zazpigarren edizio hau. Orioz gain, Zumaian, Deban eta Getarian egingo dira kontzertuak.
Gaur San Pedro Parrokiak hartuko du organo zikloko emanaldia. 20:15ean hasita, Alize Mendizabal organo jotzaileak eta Andoni Sierra zuzendari duen Andra Mari Abesbatzak Junkal Guerrero euskal konpositorearen Arimen Besarkadan (Requiem) obra interpretatuko dute.
AFAGI elkartearen aldeko kontzertua izango da gaurkoa. Sarrera doan izango da.
Organo jaialdi honetako hurrengo hitzorduak Deban (uztailaren 16an eta 30ean) eta Getarian (hilaren 23an) izango dira.