"Odola ezin da fabrikatu"

Maria Maya Manterola | Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 11

Iratxe Aizpurua, Sabin Urzelai eta Itxaso Martin.

Iratxe Aizpurua, Itxaso Martin eta Sabin Urzelaik badakite zein garrantzitsua den odola ematea, edo bestela esanda, zein ondorio lazgarri izango lituzkeen odol bankuak hutsik geratzeak. Pandemiak odol-ateratzeen kopuruan izandako eraginaz eta odolaren beharraz aritu dira, besteak beste. Elkarrizketa hau ekaineko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

“Ospitalera joan eta odola sartuko digutela espero badugu, lehenago norbaitek eman duen seinale”, dio Sabin Urzelai Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Fundazioko arduradunak. Adituak emandako datuen arabera, lau pertsonatik hiruk beharko dute beren bizitzan zehar odola, eta beharra izateaz gain, uste du eskubidea ere badela. Beraz, “norbererekoikeriagatik bada ere”, odola eman beharko litzatekeela uste du Urzelaik. Haren hitzetan, jende asko dago hilabetean behin edo bi hilean behin odol transfusioa behar duena bere bizimoduarekin jarraitzeko, “gero eta gehiago”.

“Gugatik edo gure inguruagatik egin behar genuke. Pentsatzen hasten bagara, denok dugu hurbilekoren bat odola behar duena. Esaterako, ebakuntza bat egin diotelako, gaixotasun arraro baten ondorioz immunoglobulina behar badu… Astebete egon beharko bagina odolik gabe, jende asko hilko litzateke. Leuzemia dutenak, erradioterapia edo kimioterapia jasotzen dutenak…”, azaldu du Urzelaik. 

Lehen istripuetan eta ebakuntzetan erabiltzen zen batez ere odola; orain, berriz, botikak sortzeko erabiltzen da: “Ebakuntzak gero eta hobeto egiten dira, eta batzuetan ez dute odol poltsa bat bera ere erabiltzen. Emandakoan, hurrengo egunean globulu gorriak, plaketak eta plasma banantzen ditugu. Globulu gorriak odola behar dutenentzat dira, plaketak kimioterapia eta erradioterapia kasuetarako, eta plasma, batik bat, sendagaiak sortzeko”. Urzeilaren arabera, immunoglobulina gaixotasun askoren aurkako tratamendua da, eta beste askorena izan daitekeela uste da. Odol sintetikoa sortzeko saiakerak egin dira, baina lorpenik ez dutela izan ere azaldu du Urzelaik. “Hamarkadak daramatzate saiakera horiekin, eta oraingoz ez dute ezer lortu. Odola ezin da fabrikatu”.

COVID-19aren eraginez odol emaileen kopurua jaitsi egin da, baina igo immunoglobulina behar duten pazienteena. Urzelairen arabera, “alaitasuna” oinarrizko osagaia da odola emateko. “Eskuzabalagoak gara alai gaudenean. Pandemiak nekatu egin gaitu. Hasieran askok ematen zuten, sentitzen zutelako odola emanda bitxoaren kontra zerbait egiten ari zirela”, dio.  

Pandemiaren eraginez, aurrez hitzordua eskatzea ezinbestekoa da odola ateratzeko, eta horrek emaileei zein ateratzean laguntzen aritzen diren boluntarioei onurak ekarri dizkiela uste du Itxaso Martin boluntarioak: “Denbora gutxiago galtzen dute; etorri eta zuzenean sartzen dira. Nik esango nuke jende gehiago sartzea dagoela saio bakoitzean. Hogei minutuan behin zazpi lagun sartzen ditugu, eta oso arin doa”. Urzelai ados dago Martinen adierazpenekin, eta espero du saio bakoitza optimizatzeko balioko duela. 

Duela urte batzuetako odol ateratzeen aldean, konplikatuagoak dira oraingoak, Urzelairen esanetan: “Gero eta galdera gehiago egin behar ditugu. Orain, tximino baztanga ere hartu beharko dugu kontuan. Ea Madrilen egon den emailea, harreman sexualak norekin eta noiz izan dituen… Konplikatzen ari da”. Emandako datuen arabera, gazteek “arazorik gabe” ematen dute odola. Adina igo ahala jaisten da kopurua. Zumaian, esaterako, 33 eta 37 urte arteko emakumezkoetan jaisten da, Martinen arabera; amatasunagatik izan daitekeela uste du Martinek. 

Badaude beste baldintza batzuk ere. Urzelairen hitzetan, hala nola, kirola: “Nekatzen bazara, deshidratatu egiten zara, nolabait. Gero odola ematen baduzu, likido gutxiago daukazu gorputzean, eta, beraz, errazago zorabiatuko zara. Eta berdin odola eman ondoren kirola egin nahi baduzu”. Aizpuruak dio sendagileek botatzen dutela batzuetan jendea atzera; azken ateraldian 79 lagunetik 64k eman ahal izan zuten. 

Daturik okerrenak uztailean izaten dituzte. “Guk urte batzuk daramatzagu hemen, eta aspaldi ohartu ginen uztaila hilabete txarrenetarikoa izaten dela. Maiatza eta iraila, berriz, onenetakoak”, dio Martinek. 

Odola ematea da erraza, segurua, beharrezkoa eta atsegingarria da, Urzelairen arabera: “Hondartzan itotzen ari den haur bat salbatzen baduzu, bizi guztian gogoratuko zara; baina odola ematen dugunean, ez gara jabetzen zenbat bizitza salbatzen ditugun”. 

Uztailaren 13an aterako dute odola Hogarrean. Odola eman nahi dutenek aurrez apuntatu beharko dute 609 81 27 06 telefonora deituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide