Lau jardunaldi jokatu ondoren, abuztuaren 27an Zumaian jokatuko den finalarekin amaituko da Laboral Kutxaren Udako Torneoa. Hala iragarri zuten atzo Emakume Master Cupek kirol portuan emandako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren, antolatzaileekin batera, txapelketan parte hartuko duten pilotariak, Marije Etxaniz Laboral Kutxa banketxeko ordezkaria, Leire Iturralde Zumaiako Laboral Kutxa bulegoko zuzendaria eta Alex Oliden Zumaiako Udaleko zinegotzia.
Olidenen esanetan, herri kirolzalea eta pilotazalea da Zumaia. Emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna emango dion egitasmo honen hartzaile izatea, gainera, "ohorea" da, zinegotziaren arabera. Pozarren agertu ziren Etxaniz eta Iturralde ere. Nabarmendu zuten "ilusio handia" egiten diela emakumezkoen kirolari bultzada emango dion txapelketaren parte izateak, eta zorterik onena opa dietela pilotariei. Beraiek ere Zumaiako final handian izango dira, eta herritar guztiak gonbidatu zituzten Aitzuri pilotalekura bertaratzera.
Dagoeneko bost txapel irabazi dituen Olatz Arrizabalaga pilotariaren hitzetan, garrantzitsua izaten da neguko lanari ere uda sasoian jarraipena ematea. Usue Osesekin ariko da udako txapelketan lehenbizikoz, eta kantxan "ondo" moldatzea espero du, "kantxatik kanpo bezala". Osesek hala izango dela uste du, "indartsuen dabilen pilotaria" baita Arrizabalaga. San Fermin Torneoko txapeldun Enara Gaminderekin osatuko du bikotea, bestalde, lesiotik osatu berri den Madalen Etxegaraik. Leire Garai binakako txapelduna Itsaso Erasunekin ariko da kantxan, eta Andrea Capellan binakako azpitxapeldunak Amaia Aldairekin osatuko du bikoa.
Haro, Lekeitio, Bastida eta Hondarribiko partiden ondoren, Zumaian jokatuko da finala abuztuaren 27an. Partida bertatik bertara ikusteko aukera ez dutenek pantailaz bestalde ere jarraitu ahal izango dute zuzenean, Erlo Telebistan.