Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Elikagaien Bankuarekin eta Emaus fundazioarekin lankidetzan abian jarritako Olatu solidarioak kanpaina gaur heldu da Zumaiara. Sentsibilizazio kanpaina honen bidez, hondakinak gaika bereiztea bultzatzea du helburu, baita Elikagaien Bankurako janaria bildu ere.
Honen berri eman dute gaur eguerdian Itzurun hondartzan egindako agerraldian. Bertan izan dira Monica Pedreira Ingurumen zuzendaria, Zumaiako alkateorde Alex Oliden, Arritxu Marañon Zumaiako Udaleko zinegotzia, eta Emaus Gizarte Fundazioko komunikazio arduradun Begoña Cabaleiro. Kanpainaren erakusgarri den furgoneta hilaren 18ra arte izango da Zumaiako hondartza honetan.
Hondakinak bereiztu eta gaika sailkatzea da sentsibilizazio kanpaina honen muina, baita uda sasoian ere. Horretarako haurrentzako jokoak eta tailerrak egingo dituzte furgonetaren bueltan, baita pegatinak banatu ere. Horrez, gain, elikagai bilketa ere egingo da astean zehar Itzurun bertan. Izan ere, azken hilabeteotan edo urteotan elikagaien behar handiagoa dagoela ondorioztatu dute Elikagaien Bankuko arduradunek. Halako produktuak jasoko dituzte aste honetan Itzurunen egongo den furgonetan: olioa, arraun kontserbak (atun eta sardina latak), arroza, pasta, dilista lehorrak eta haurrentzako pardelak.
"Kanpaina osatzeko elkartasunerako deia egingo dugu, momentu honetan gizartean egoera ahulenetan dauden pertsonak errealitate konplexua bizitzen ari dira eta, egoera sozioekonomikoaren eta prezioen gorakadaren ondorioz", azaldu du Pedreirak.
Alex Olidenen esanetan, berriz, hondakinen gaiaren inguruan ezinbestekotzat jo du biztanlegoak ohitura jasangarriak barneratzea, "ahalik eta gutxien sortu eta ahalik eta gehien sailkatzeko. Bestetik, gure artean oinarrizko beharrak asetu gabe dituen jendea dago eta Elikagaien Bankua bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira sektoren honen sufrimendua leuntzeko". Eskerrak eman dizkie Olidenek zerbitzu hori ematen laguntzen duten guztiei, "eta batez ere Zumaiako Nagusilan elkarteko boluntarioei".