Flysch Trailerako laugarren entrenamendu saioa egingo da datorren igandean

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 13a

Korrikalariak Elorriagan, hirugarren entrenamendu saioan. Argazkia: Zumaia Flysch Trail.

Urrian egingo den mendi lasterketarako laugarren entrenamendu saioa egingo da datorren igandean, uztailaren 17an. 

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketako antolakuntzak entrenamendu saio bereziak prestatu ditu urriaren 2an egingo den lasterketara begira. Saio hauen helburua emakumeen parte hartzea sustatzea dela azaldu du Flysch Trailak. Guztira, sei entrenamendu saio egingo dira, eta datorren igandean, uztailaren 17an, egingo da laugarrena. 

Taldea goizeko 8:00tan abiatuko da Lubaki kiroldegi paretik, eta egingo duten ibilbidea Elorriaga-Baratzazarrak-Arantza izango da. 18-19 kilometro inguruko bidea izango da, 550 metro positiboko desnibelarekin. Bi ordu eta erdian egiteko moduko saioa izango da. 

Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman dezakete izena, edo aurretik Flysch Trailaren webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide