Pandemiaren okerrenean, behin 2020ko udaberriko konfinamendua amaitu zenean, taberna barruan kontsumitzea debekatuta egon zen; tabernetan zerbait edan nahi zuenak terrazetan lekua aurkitu behar zuen. Horren jakitun, eta ostalaritzako establezimenduek bizirauteko aukera izan zezaten, taberna batzuei terrazak handitzeko edo berriak sortzeko aukera zabaldu zien udalak. Denborarekin, establezimendu barruak ere bezeroei zabaldu zitzaizkien, baina aldi baterako egokitutako terrazek bere horretan jarraitu zuten.
Egoera hori arautu nahian, ordenantza berria idazteko prozesuan aurkitzen da gaur egun Zumaiako Udala. Alex Oliden Tokiko garapen zinegotziaren arabera, aurretik indarrean dagoen ordenantza zaharkituta geratu da gaur egungo beharrak ikusita. Horren harira, ostalariei igorritako gutun batean gogorarazi dute terrazak jartzeko baimen bereziak eman zituela udalak, "ostalariek lanean jarraitu zenezaten ahalbidetzeko helburuekin". Ordutik bi urte igarota, "eta egoera bere onera itzultzearekin batera", terrazen ordenantza eguneratuko dute.
Araudi berria idazterako orduan, espazio publikoaren erabileran jarri nahi izan du udalak azpimarra. "Espazio publikoaren erabilerak herritar guztiena izan behar du (...). Oinezkoen joan etorrietan arreta berezia jarrita, herriko kaleetan erraz, eroso eta segurtasunez ibiltzea bermatu behar du udalak, eta beraz, ostalaritza eta merkataritza arloko erabilerak modu egokian arautu eta interes eta behar desberdinen arteko oreka egoki bat bilatzea da gure asmoa", dio ostalariei bidalitako gutunak. Udalak onartzen du, baita ere, pandemiak sustatutako ohitura batzuk "gurean geldituko direla, eta handitu egin dela terrazen erabilera. Horregatik behar horiek ere kontutan hartuko ditugu ordenantzaren moldaketa egitean".
Dena ondo bidean, egokitutako ordenantza datorren udazkenean onartuko da, eta 2023. urtetik aurrera emango diren lizentzietan aplikatuko da. Araudi berria onartu bitartean, pandemia garaian emandako lizentzia bereziak indarrean egongo direla dio Olidenek, baina gaineratu du aurtengo udazkenean zehar terrazen lizentzia berriak eskatzerakoan ordenantzaren modalketetara egokitu beharko direla. Araudi berriarekin pandemia garaian jarritako terraza batzuk kentzea eta beste batzuk moldatu behar izatea ez du baztertzen udalak.
Horrez gain, jatetxe eta tabernetan jarriko diren kartelen hizkuntza baldintzak ere jasoko ditu araudiak. Hala, kartelek euskaraz egon beharko dute, eta eleaniztunak diren kasuetan, euskara lehenetsiko dute.