Zumaiatik Bartzelonara bidaia, mihise gainean

Maria Maya Manterola 2022ko uztailaren 14a

Maria Jose Balenciaga. Ezkerreko koadroan, bere burua irudikatuta, jaio zen etxeko atarian. (Maria Maya Manterola)

Uztailaren 25era arte zabalik izango da Maria Jose Balenciaga zumaiarraren lanak biltzen dituen erakusketa, Alondegiko Oxford aretoan. 

Maria Jose Balenciaga zumaiarraren erakusketa zabalik da jada Alondegiko Oxford aretoan. Zumaiatik Barcelonara izenburupean, sortutako margo ia guztiak erakutsiko ditu uztailaren 25era bitarte. Egunero 18:30etik 20:30era irekiko dute Oxford aretoa; asteburu eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara ere bai.

Beti izan du gustoko margotzea. Eskolan ere asko margotzen zuela gogoratu du. Baina mihisearen gainean gehiago trebatzeko, ikastaro batean eman zuen izena Zumaian. "Irakasleak gidatzen zigun, baina nahi genuena marrazten genuen", dio, "eta Zumaia margotu behar nuela pentsatu nuen". Herriko paisaiak eta pasadizoak eraman zituen lehenbiziko margoetara, eta horiek ere ikusgai daude Alondegian.

Oxford aretoan aurrera egin ahala, Bartzelonarako bidaia proposatzen du Balenciagak erakusketan. Margo biziago eta koloretsuagoak sortu ditu bere bigarren etxean, eta margotzen jarraitzen du oraindik ere han. Lehenbizikoz erakutsiko ditu lanak, eta jaioterrian izango duten harreraren esperoan "urduri" dagoela aitortu du margolariak. 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide