Berrituta baina leheneratuta

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 15a, 09:30

Vera Aldabe eta Irene Cardaba zaharberritzaileak, taula flandiarraren erradiografiari begira. (Arnaitz Rubio Aprea)

San Pedro parrokia izan da bere bizitokia azken mendeetan. Azken hilabeteotan parrokiako kaperatik kanpo egon da XV. mendeko Mendaro Marinelaren taula flandiarra, zaharberritze lanak egin baitizkiote. Aste Santuan heldu zen berriz ere Zumaiara, itxura berrituarekin, baina bere esentzia ahaztu gabe, berrituta baina leheneratuta. Ekaineko aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Vera Aldabe zaharberritzaileak eta beste hainbat adituk izan dute botozko taularen esku hartzearen ardura. Oroitzapenezko obra da Mendaro Marinelarena, Aldabe zaharberritzailearen esanetan. Juan Martinez de Mendaro kapitainak San Pedro parrokiari emandako taulan XV. mende amaierako naoak irudikatzen dira. Goialdean Ama Birjina agertzen da haurtxoarekin, eta ezkerraldean, San Pedroren irudia ageri da. Haren aldamenean, belaunikatuta ageri da Mendaro Marinela taularen emailea. Eskuinaldean, berriz, Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta atzean gizonezko baten burua. Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Mendaro Marinelak zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen da taulan, 1475. urtean Gibraltarko itsasartean, Portugalgo eta Genovako armaden aurkako garaipena, alegia. Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelakoak.

Dena den, Aldaberen hitzetan, ez dago jakiterik obra noizkoa den, garai hartan Pazko egutegia erabiltzen zutelako, eta, beraz, ez dagoelako jakiterik egutegi horren arabera sinatu ote zuten 1475. urteko datarekin. 

Jatorriaren inguruan, adituek baieztatu ahal izan dute flandiarra dela. Herbeheretan sortua da, Baltikoko egurrekin egindako markoa baitu inguruan. Teknika tradizionalarekin margotutakoa da, margoen tonu urrekara eta dirdiratsuak tarteko. 

Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa den Gordailuan egiten du lan Aldabek: elkargune bat da Gordailua, eta jabe eta jatorri desberdinetako funtsak zaintzen ditu erakunde horrek. Bilduma bateratua osatu ez ezik, kudeatu ere elkarlanean kudeatzen du. Milaka ondare gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen ditu. Irunen du egoitza. 

Prozesu makal eta arretatsua

Baleikek Gordailura egindako bisitan, Irene Cardaba eta Vera Aldabe zaharberritzaileak aritu dira zaharberritzearen prozesuaren inguruan. Cardabak azaldutakoaren arabera, anoxia izeneko prozesua aplikatu zioten taulari lehenbizi. Prozesu horren bitartez, taulan zeuden izaki bizidun guztiak akabatu zizkioten, onddoak eta xilofagoak baitzituen. Gauza bera egiten dute Gordailura iristen diren pieza guztiekin, biltegietan infekzioak ez hedatzeko neurri gisa. 

Biltegietan klima egonkorra da, eta, horretarako, teilatuan dituzten plaka fotovoltaikoak etengabe egiten dute lan. “Hogei gradu eta % 60ko hezetasuna izaten dira beti hemen. Nahiz eta bunker bat izan, kanpoko tenperatura aldaketak tarteko, etengabe egin behar du lan sistemak”, azaldu du zaharberritzaileak. Cardabaren hitzetan, kostu altua du sistemak, eta jasangarritasunaren bidean sakontzen jarraitzeko ikerketak egiten dituzte aldian-aldian. 

Gordailuan ur azpian aurkitutako pieza arkeologikoak igerileku moduko batean izaten dituzte, ordura arteko baldintza berak izan ditzaten. Taula flandiarrari dagokionez, Cardabak azaldu du horregatik itzuli dutela lehen zegoen kaperara: “Azterketa bat egin genuen jakiteko parrokian zer hezetasun duen horma bakoitzak, nondik sartzen diren aire korronteak eta zeintzuk diren euriteen ondorioak, eta erabaki genuen lehengo lekuan ezartzea berriz ere, bitrinarik edo babesgarririk gabe. Izan ere, baldintza horietan mantendu dira materialak ondo, eta hemendik aurrera kontrolatu behar dena da lizun izurririk ez egotea”. Behin taula zaharberritu eta gero, zunda batzuen bidez egingo diote materialen egoeraren eta izurriteen segimendua. Halako piezen esku-hartzeak egiteaz gain, Cardabaren ustez kontserbazioa ere beren lanaren parte garrantzitsua da. 


Aldabe eta Cardaba, taularen laborategiko emaitzak eskutan dituztela.

Sintomak, probak eta tratamenduak

Erradiografia batek uzten ditu agerian piezaren historiaren sekretuak. Margolana zeharkatuta ikusten da horrela: gune ilunenak, esaterako, X izpiek zeharkatutako guneak dira, eta, beraz, ondoriozta daiteke gune horietan ez dagoela pinturarik. Pieza ikusita atzeman daiteke esku hartzeak izan duen edo ez eta non dagoen gainetik margotuta, baina ezin da jakin geruza hori noraino irits daitekeen. X izpiekin batera, lanpara ultramoreak ere erabiltzen dituzte azterketa horiek egiteko, eta horiek gainazalaren inguruko informazioa ematen dute; infragorriek, berriz, azpiko marrazkiarena, zirriborroena.

Taula flandiarrari egindako interbentziorik garrantzitsuena 1965. urtekoa da, Aldaberen arabera. Zaharberritze prozesu hari buruzko bi orriko informe tekniko bat besterik ez dute, ordea. “Orain egin dioguna guztia ondo dokumentatuta uztea komeni da, hemendik urte batzuetara pieza beste norbaitek hartzen badu, jakiteko zer egin genion guk hemen”, dio Cardabak. “Pieza bat ezagutzen ez baduzu, ezin duzu ondo kontserbatu”, gaineratu du. 

Biltegian sartu ordeko zenbakia eta QR kodea ipintzen diote pieza bakoitzari. Cardabak emandako datuen arabera, pieza arkeologikoak kontuan izan gabe, 78.000 pieza inguru jasotzen ditu Gordailuak, eta beharrezkoa da guztiak ondo katalogatuta izatea. 

2020ko udan heldu zen pieza Gordailura. Belgikatik euskarrietan aditua den gizon bat etorri zen, eta hasi zen aztertzen euskarria noiz muntatu zen. Gero, tailerrean egin zuen lan Vera Aldabek. Tailer partekatua da: bost gune daude, eta material ezberdinak aldi berean lantzen dituzte, ehunak, margoak zein papera. Carlos Sanzen eta Nestor Basterretxearen obrak zaharberritzen ari dira orain. 

Vera Aldabek dio bera izan dela obra ukitu eta jatorrizko piezara gerturatzen saiatu dena, baina prozesuan parte hartu duten ogibide guztiak aipatu nahi izan ditu, garraiolarietatik hasita. “Pertsona askok osatutako engranajea” da prozesua, eta ez da behar bezainbeste kontuan hartzen nahitaezkoak direla guztiak, Cardabaren ustez. 

Harrera ekitaldi xumea

Taula zaharberrituari harrera ederra egin zioten joan den maiatzaren 7an San Pedro parrokian, eta Pedro Laskurain parrokoak hitzartzean eskerrak eman nahi izan zizkien zaharberritzearen prozesuan beren alea jarri duten guztiei. Parrokoaren hitzetan, "ondare aberatsa" dute parrokian, eta "harro" dago kristau komunitatea. Era berean, nabarmendu zuen erantzukizun handia dutela ondarea behar bezala zaindu eta transmititzeko, eta bide horretan lagundu duten instituzio eta boluntarioei egin zien aipamena. 

Obrari dagokionez, parrokoaren ustez "edertasun originala" berreskuratu du, eta Vera Aldabek eta bere taldeak "lan ikusgarria" egin duela uste du Laskurainek. Ekitaldira joan zen zen Juan Pablo Aroztegi Zumaiako parroko ohiari eskerrak eman zizkion, era berean, hark jarri baitzituen artelana zaharberritzeko prozesuaren oinarriak.

Aldundiko ordezkari Harkaitz Millanek hitz egin zuen Laskurainen ondoren. Millanen hitzetan, "egun pozgarria" izan zen harrera ekitaldikoa. Izan ere, taula flandiarra parrokiara itzulita, haren edertasunaz gozatzeko beta izango dute aurrerantzean bisitariek, "ondarea ez baita sortu inork ikusi ez dezan ezkutuan egoteko". 


Taula flandiarraren harrera ekitaldiko irudia.

Obra "aipagarriena"


Pandemiaren testuinguruan Aldundiak abiatutako Piztu kultura planaren barruan eman zuten taula zaharberritzeko dirulaguntza, Millanen arabera. Beste zenbait kulturgileri bezala, zaharberritzaileei ere bultzada bat emateko jarri zuten martxan programa hori, kulturak jasandako kalteak arintzeaz gain. Programa horren barruan egitasmo asko lagundu dituzte, baina Mendaro Marinelaren taula flandiarraren zaharberritzea "aipagarriena" dela uste du Millanek. 

Zumaiako obrari esker, gainera, XV. mendeko historiaz ikasteko aukera izan dutela azaldu zuen diputatuak. Izan ere, margo flandiarren inguruan nazioarteko bilkura bat egiteko aukera izan dute, eta ekitaldian iragarri zuenaren arabera, bilkurako irakaspenekin publikazio bat argitaratuko dute aurki. 

Halako zaharberritze prozesuetarako Aldundiaren eta Gordailuaren prestutasuna nabarmendu zituen Bidasorok, bestalde. Zinegotziak uste du "ezinbestekoa" dela instituzioen elkarlana ondarea berreskuratzeko, eta horri dagokionez, ateak zabaldu zizkien etorkizunean suerta daitezkeen elkarlanei.

Parrokiaren bueltan zumaiarrek izandako "bizipen ederrak" ere aipatu zituen Bidasorok, baita "barruan ezkutatzen dituen altxorrak" ere. Horiek guztiak bisitatzera gonbidatu zituen herritarrak.

Parrokia ordu gehiagoz zabalik


Laskurainek hitzartzea baliatu zuen jakinarazteko parrokia bisitatzeko ordutegia zabalduko dutela, "boluntarioen lanari esker". Haren hitzetan, "tristura" ematen dio bisitariei San Pedro parrokia itxita dagoela esateak. QR kode bati esker, gainera, bisita gidatua egin ahal izango da aurrerantzean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide