Presoak euskal herriratzea aldarrikatzeko, Bizikleta Itzulia egingo du Sarek datozen egunetan. Egitasmo horren helburua, aldarria lau haizetara zabaltzeaz gain, parte hartzaileek kirol apur bat eginez ondo pasatzea da. Hiru etapatan banatuta egingo dute martxa, ostiraletik igandera. Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hasiko da egitasmoa ostiralean, eta igandean amaituko da, Donostian. Bitarte horretan, eskualdeko hainbat herri zeharkatuko ditu itzuliak: zehazki, Zumaia, Azpeitia, Zestoa eta Zarautz.
Ostiralean egingo dute lehen etapa; Etxarri-Aranatzen hasi eta Durangon (Bizkaia) amaituko da. Bigarren etapa, larunbatean egingo dutena, Zumaiatik eta Azpeititik pasatuko da. 16:00retan iritsiko da itzulia Zumaiara, eta 17:45ean sartuko da Azpeitian, Hartzubia hiribidetik; ondoren, 19:00etan iritsiko da plazara. Hirugarren etapa, igandekoa, Azpeititik abiatuko da; ondoren, Zestoara joango da, 09:30ean, eta jarraian Zarautzera; 10:00etan iritsiko da hara, San Inazio kaletik sartuta.
Bizikleta martxan parte hartzeko hainbat modu daude, eta interesatuek hemen aurki dezakete informazio osatua.