Hondarribiko eta Gernikako zesta-punta txapelketetan ariko dira Goikoetxea eta Lopez

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 21a

Uda garaian etenik ez du zesta-puntako denboraldiak Euskal Herrian. Iparraldeko txapelketak martxan daude, eta aste honetan Hondarribiko eta Gernikako txapelketak hasiko dira. Bietan arituko dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntista zumaiarrak. 

Zesta-puntaren zaletuek makina bat aukera izango dituzte uda garaian beraien zaletasuna asetzeko. Euskal Herriko leku askotan ari dira txapelketak antolatzen, eta modalitate honetako izar handiak izango dira beraien maisutasuna erakusten. Hala, bihar bertan Hondarribiko Grand Slama hasiko dute, eta datorren igandean, uztailaren 24an, Gernikakoa. 

Zumaiako bi puntista izango dira lehian bi txapelketetan. Iñaki Osa Goikoetxea Zabalarekin arituko da Hondarribian, B multzoan. Imanol Lopezek, berriz, Barandika izango du aurreko koadroetan, A multzoan. 

Grand Slam honetako partidak uztailaren uztailaren 22an eta 29an, abuztuaren 5, 12, 19 eta 26an, irailaren 3, 10, 17 eta 24an, eta urriaren 1ean eta 8an. Zumaiako pilotariak ez dira oraindik jokoan sartuko Hondarribian.

Gernikako txapelketa

Biak ala biak, Lopez eta Goikoetxea Gernikako Grand Slamean ere arituko dira. Grand Slam honetan Olharanekin osatuko du bikotea Lopezek, eta Basquerekin Goikoetxeak. 

Datorren igandean, uztailaren 24an hasiko da txapelketa hau, eta lehen egunean izango dituzte partidak bi zumaiarrek. Matinèea izango da igandekoa, eta eguerdiko 12:00etan hasiko da. Goikoetxea eta Basque Hormaetxea eta Aimarren aurka arituko dira; Olharanek eta Lopezek, berriz, Erkiaga eta Lekerika izango dituzte aurkari. 

Uztailaren 24an eta 30ean, eta abuztuaren 6an, 13an eta 16an jokatuko dituzte txapelketako jardunaldiak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide