Itxas-Gaineko piraguistak bikain aritu dira Urolaren igoera-jaitsieran

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 25a

Urola ibaiaren ibaiaren 46. igoera jaitsiera jokatu zen atzo eguerdian Zumaian. Santiagotik aterata, zortzi kilometroko lana egin zuten parte-hartzaileek. 

Herritar eta bisitari asko Santiago hondartzan eguzkia hartzen edo bainatzen ari ziren bitartean, bestelakoa izan zen ikuskizuna eguerdi partean eskoilera alderaka ematen zuen lekuan. Makina bat piragua, kanoa edo SUPeko ontzi zeuden itsasertzean utzita. Urola ibaiaren 46. igoera-jaitsieran parte hartuko zuten kirolariek jarduera hau egiteko erabiliko zituzten ontziak ziren. Ibaietako Euskadiko Kopako bosgarren proba puntuagarria izan da Zumaiakoa. 

Eguerdiko 12:00etan ekin zioten lanari. Aurten berrikuntza bezala SUP kategoriari ateak ireki dizkiote Itxas-Gain kirol elkarteak antolatutako proba honetan, eta haiek izan ziren ateratzen lehenak. Minutu batzuk geroago atera ziren piraguak. Lehorretik atera, ontzietara ahal den moduan igo, eskoilerako muturrari buelta eman, eta errioan gora joan ziren. Behin beduara heldutakoan buelta eman, eta ibaian behera egin beharko zuten Arranpla parean jarritako helmugara iristeko. Guztira, zortzi kilometroko bidea egin zuten proba amaitu zuten kirolariek. 

Senior mailan, K-2an, gizonetan, Itxas-Gaineko Bibiano Olaizolak eta Xabier Osak osatutako ontzia izan zen irabazlea. Emakumeetan, berriz, Donostia Kayakeko Aiora Irazu eta Eider Irazu ahizpen piragua izan zen irabazlea. 

K-1ean, berriz, Martin Egaña (Itxas-Gain) izan zen azkarrena gizonetan, klub bereko Unai Azkuneren aurretik. Emakumeetan Irati Osak (Itxas-Gain) lortu zuen garaipena. 

Hauek dira Zumaiako klubeko kirolariek atzoko proban lortutako emaitzak:

  • K-2 senior mistoa: Izaskun Gonzalez-Joseba Romatet, 3. 
  • K-1 kadeteak gizonak: Xabat Bergara, 5.; Andde de Anta, 10.
  • K-2 kadete gizonak: Josu Lazkano-Asier Aizpurua, 1.
  • K-1 jubenil gizonak: Haritz Aizpurua, 5.
  • K-1 jubenil emakumeak: Josefa Molina, 1.
  • K-2 jubenil gizonak: Julen Albizu-Jon Ander Lazkano, 4.
  • K-1 senior gizonak: Martin Egaña, 1.; Unai Azkune, 2.; Imanol Barruetabeña, 8.
  • K-1 senior emakumeak: Irati Osa, 1.
  • K-2 senior gizonak: Bibiano Olaizola-Xabier Osa, 1.
  • K-1 beteranoak -50 gizonak: Oier Aizpurua, 1; Iosu Agirrezabalaga, 5.
  • K-2 beteranoak -50 gizonak: Jon Lazkano-Vicente Royo, 1.; Eñaut Aizpurua-Iñaki Unanue, 2.
  • K-1 beteranoak 50 gizonak: Jose Antonio Lizancos, 6.; Antonio Jose Sanchez, 14.
  • SUP gizonak: Beñat Villagarcia, 3. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide