1. Unidad Alavesa – Zegama
Kantu berria bada ere, abesti honek haurtzaroko asteburuak herri txikietan igaro ditugunon memoriara garamatza. Haritz Artola abeslariak elkarrizketa batean azaltzen du txikitan Zegamara joaten zela asteburuetan, aitaren herrira. Ni Zumaiatik amaren herrira joaten nintzen, Aizarnara. Nostalgia gazi-gozoa dario abestiari, izan ere, momentu onak bai, baina Artolak elkarrizketan zion bezala, herri txikietan jolastutako haurrak "asperraldi asko pasatakoak gara". Horixe da ordutik geratzen zaiguna: "Ona eta txarra, iluna eta argia".
2. Kuraia – Kea
Desegin eta hamarkada bat beranduago deskubritu nuen Kuraia taldea, unibertsitateko lehen ikasturteetan. Ostegun batean Bilboko alde zaharreko taberna batean sartu eta... "Su ematen gaituzue, eta kiskali beharrean, kea gera bihurtu, begiak zirikatuz, arnasa mehatxatuz, eztula eraginez", gitarra elektrikoaren burrunba ikaragarriarekin batera, bolumen altuan. Abestiak eta testuinguru hark guztiak piztu egin ninduten. Festa hasi zen, eta niretzat, baita agitazio politikoa ere.
3. Rodeo– Atlas
Txikitatik atsegin izan dut Greziako mitologia klasikoa, eta gaztarotik, berriz, ekonomia politikoaren kritika. Zestoarren abesti berri honek biak uztartzen ditu, planeta osoaren zamari eusteko kondena duen Atlasen eta soldatapeko langileen arteko paralelismoa eginez: "Zapaltzen nauen indarrik bortitzena sufritu arren, indarra ni naiz!".
4. Eskean Kristö – Deabrua
Kaltetutako maitasunak eta maitaleak sendatzeari abesten dio Eskean Kristök. Mezua kultur industriak saltzen digun maitasun idealaren antitesia da: ahulguneen, akatsen eta gizakioi berezkoak zaizkigun lotura-beharren aitortza zintzoa. Maitasuna, ekaitz eta deabruen aurrean egiten dugun elkartasun eta eskuzabaltasun hautua. Horregatik dut gustuko abestia.
5. Anari – Aingura hegodunak
Askok musika ahul, melankoliko eta derrotistatzat joko dute Anari. Ez nator bat. Duela gutxi haren kontzertu batean izan nintzen, eta bizi ditugun momentu nahasi hauen erronka, zama, galdera eta konpromisoen inguruan abesten duen emakume bat entzun nuen, zuzenean. Estetika goibel horren atzean, momentu zailenen aurrean gainjartzeko indarra da Anarik eman nahi diguna, ematen diguna. Aingura hegodunak kantaren kasuan, ezin argiago: "Baina erortzen bagara ere, amets berriei helduz, gorantz erortzen gara".