Gernikako Grand Slameko finalerdietarako txartela eskuratu du Goikoetxeak

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 8a

Argazkia: Markel Suarez

Gernikako Grand Slameko lehen faseko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen larunbatean, eta erabakita geratu zen zer bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalerdiak.

Lehen partida galdu ondoren, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Basquek osatutak bikoteak bai ala bai irabazi behar zuen bere neurketa Gernikako Grand Slameko finalerdietara sailkatu nahi bazuten. Sasoi hobean aurkitzen zen bikotea zuten aurkari, Barandikak eta Etchetok osatutakoa, eta partida zaila aurreikusten zen. Goikoetxeak, baina, bere onena eskaini zuen 1.400 ikusleren aurrean jokatutako partidan.

Hasiera oso berdindua izan zuen partidak, eta 8-7 emaitzarekin jarri ziren aurretik Goikoetxea eta Basque. Hortik aurrera, Barandikak eta Etchetok ez zuten tanto gehiagorik egin, eta 15-7 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta gorriz jokatu zuten Goikoetxeak eta Basquek.  

Lehen seta amaitu zen moduan hasi zen bigarrena, eta gorriak 5-0 jarri ziren aurretik. Aldea mantentzeko gai izan ziren zumaiarrak eta Iparraldekoak osatutako bikotea, eta 15-9 emaitzarekin lortu zuten garaipena. Ez hori bakarrik: larunbateko jardunaldian lortutako puntuei esker taldeko lehen postuan pasatu dira Goikoetxea eta Basque finalerdietara. 

Datorren larunbatean, hilaren 13an, jokatuko dira txapelketako finalerdiak Gernikako Katedralean. Neurketak hauek izango dira:

  • Olharan-Lopez vs Barandika-Etcheto
  • Goikoetxea-Basque vs. Erkiaga-Lekerika

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide