"Musikarako dugun pasioa transmititzea da gure helburu nagusia"

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 17a

Blowing Soul taldea, 2015eko Dardarafesten. Gorka Ibarguren eskuinetik bigarrena.

Bi urteren ondoren, Amaiako plazak berriro hartuko du larunbatean, hilaren 20an, Dardarafest musika jaialdia. Aurtengoarekin hamaikagarren edizioa beteko du Dardara Musika Kolektiboak antolatzen duen jaialdiak.

18:30etik aurrera hasiko dira igotzen musikariak Amaiako plazan jarriko den agertokira. Jaialdiaz, pandemiagatik aurreko urteetan izandako edizioez, eta aurtengo Dardarafestek eskainiko digunaz hitz egin digu Blowing Soul taldeko abeslari eta Dardara Musika Kolektiboko lehendakariorde Gorka Ibarguren Antia Txurkak.

Dardarafest jaialdia egingo da larunbatean bere ohiko lekuan, Amaiako plazan. Ikusita aurreko urteak nolakoak izan diren, meritua izango da jaialdia bera oraindik exisititzea.

​Bai. Gustura gaude berriz ohiko lekura bueltatzen garelako. Azkenengo bi urtetan, genuen egoera zela medio, beste formula batzuetara jo behar izan genuen eta bai, gustagarria da normaltasun batera iristea.

Gero, ez dakit meritua edo demeritua izango den. Gure partetik ekintza honi garrantzia berezia ematen diogu urtean zehar. Urteurrenez aparte, Dardara kolektiboarentzat garrantzitsua da urteko egun batean bada ere gure sinadura daraman zerbait antolatzea. Gure helburu nagusia herriari musika desberdina helarazi eta nolabaiteko musikarako erreleboa ematea da. Beste hitzetan, guk musikarako dugun pasioa transmititu eta ondorengoek gure lekukoa hartzea gustatuko litzaiguke.

Pandemiako urteetan ere antolatu zenuten jaialdia. Denborarekin, nola ikusten dituzue urte horietako edizioak?

Bai 2020 eta baita 2021 ez etsitzea erabaki genuen. 2020a oso urte gogorra izan zen kolektiboarentzat eta musikarientzat gehienbat. Urteroko zita abuztuan izanda neurri gutxiago izan genituen eta bi aldiz pentsatu gabe salto egitea erabaki genuen. Oso argi geneukan beharrezkoa zela gure partetik herritarrengan motibazio bat sortzea, 'normaltasun bat' erakustea. Horregaitik erabaki genuen Zumaiena ikastetxeko aretoan, neurri guztiekin, kontzertuak aurrera eramatea. Guregatik, herritarregatik eta baita musika panoraman hain gaizki pasa zuten musikariengatik.

Emaitza arraroa izan zen, dena dela. Nahi baino jende gutxiago bildu genuen. Baina ulergarria ere bazen agian, denen konfiantza maila ez zelako berdina. Hala ere, gustura geratu ginen emaitzarekin.

2021ean, egoerak hoberantz eginda, formatua Herri Eskolara eramateko aukera eman zigun Udalak. Eta bitan pentsatu gabe hartu genuen. Kasu honetan, formatua erabat aldatu genuen, bi egunetara pasaz. Dardararen 10. urteurrena momentu desegokian tokatu zitzaigun, baina zerbait berezia egiteko momentua zen. Kolektiboaren diskoa, kamisetak, etab. egiteko aprobetxatu genuen. Bestalde, Dardarafesten historian lehen aldiz sarrera bitartezko kontzertuak izan ziren. Hau beti izan da kolektiboan dudan izan dugun puntu bat. Nolabaiteko fideltasuna lortu nahi izaten dugu, baina, bestalde, denengana heldu ere bai. Beti da eztabaida puntu gure artean. Kasu honetan, horretan geldituko da, esperimentu moduan, momentuz lehengo formatura bueltatzeko erabakia baitago gure partetik.

Emaitza benetan ona izan zen, jende asko etorri zen, kanpotarrak barne (frantsez ugari), eta euskal musika panoramako jende garrantsitsua biltzea lortu genuen. Udako jaialdirik onentsuenetakoa egitea lortu genuen, eta hori izan zen gure ekarpena. 2021an, gure baliabideekin, gai izan ginen beste jaialdi indartsuagoei aurre egiteko. Momentuan, gogoak eta musikak agintzen zuen, eta kolektiboko jendeak lan handia egin zuen.

Akaso aipatutako bi urte horietan egin ez balitz ez ginateke hemen egongo, berriro Amaiako plazan?

Erabat. Pandemia kolpe gogorra izan da kolektiboarentzat. Min handia egin digu eta musika asko polarizatu da azken bi urteetan. Profesionalak merkatu guztiarekin geratu dira, zegoen gutxiarekin. Ulergarria ere bada bertatik bizi baitira. Eta honek talde txikiak lekurik gabe utzi ditu azken bi urteetan. Honek talde askoren amaiera ekarri du, zer esanik ez herri mailan dabiltzan gazte eta talde berrien kasuan. 

Orain ikusita esan daiteke benetan erabaki garrantsitsua izan zela, urte horietan ere aurrera begira segitzea. Eta emaitza hemen da: kolektiboak gogo handia du asteburuko jaialdira begira eta gure esku dagoen dena emango dugu entzuleari esperientzia eder bat eskaintzeko.

Kolektibo moduan lan egiten duzue. Nola antolatzen duzue jaialdia? 

Hiru fase desberdinetan antolatzen dugu. Lehendabizi, kolektiboko kide bakoitzak libre du kontzertuetarako proposamenak azaltzeko. Beti, hori bai, proposamena luzatzen duenak kontaktatu behar du taldeekin, negoziazioak egin, etab. Gero, proposamenen artean aukeraketa bat egiten da. Alde batetik, ikusi behar da zer proposamen ditugun eta proposamen horiek posibleak diren gure formatuarentzat: eszenatoki maila, argiak, taldeentzako tratua, kostuak..., eta ez hain garrantzitsua ez badirudi ere, jaialdiak eramango duen linea estiloen inguruan. Ez da derrigorrezkoa musika estilo berdina duten taldeak ekartzea, baina garrantzitsua da identitate bat mantentzea gure ikuspuntutik. Azkenik, forma ematen diogu antolaketa guztiari: taldeak konfirmatu; eszenatokia, argiak, musika ekipoak eta teknikariak kontratatu; barra turnoak ezarri, edariak erosi, muntaketak antolatu, etab.

Iritzi desberdinak izango dira. Erraza al da bat egitea?

Bada, hasiera batean dirudiena baino errazagoa izan da beti. Egia da bakoitzaren gusto pertsonalek pisu handia dutela, baina gure kasuan orain arte ez dugu arazo handirik izan. Urte batzuetan alde batera tiratzen da eta beste batzuetan bestera. Taldeen katxeek ere asko kondizionatzen dute, nahi baino gehiago, eta gure kasuan momentuan dugun aukera onena hartzen saiatzen gara. Gainera, argi dugu gustu denetara heldu nahi dugula. Izan ere, jaialdia herriarentzat antolatuta dago eta garrantzia horri ematen diogu. Proposamenak kolektiboz kanpo jaso izan ditugu; ez da aurrenengo kasua izango, gazte talde batek adibidez. Eta posible bada heldu egiten diogu aukera horri. Puntu honetan, erabat irekita gaude kolektibo moduan, errealitate barruan dauden proposamenak entzuteko eta aurrera eramateko.

Urte gogor hauen ondoren taldeek jotzeko gogo berezia izango dute, ezta?

Ekainetik honako kontzertuetan aldaketa handi bat sumatzen dut pertsonalki. Izan naizen kontzertuetan musikarien partetik indar berezi bat sumatzen da, entzuleekin bat egiteko gogoa ehuneko ehunean. Nire ustez, erantzun ona jasotzen dute entzuleen partetik ere eta horrek musikariak gehiago ematera bultzatzen ditu.

Larunbatean joko dutenen artean herriko talde bat egotea ere garrantzitsua izango da.

Oso garrantsitsua. Balore handia ematen diogu herriko talde batek, nahi badu behintzat, jaialdian jotzeari. Esperientzia ederra da talde garrantzitsuekin jotzea eta aukera hori beti irekita utzi nahi dugu herriko taldeentzat. Askotan guk uste baino maila altuagoko taldeak ditugu herrian bertan, baina bultzadatxo bat behar izaten da panoraman bistarazteko. Eta hau aukera hona da, eszenatokia beste taldeekin konpartitzeko.

Musika jaialdi mordoa antolatu dira azken aldian; edonon daude musika jaialdiak. Maremagnum hortan lekua aurkitzea ere ez da erraza izango?

Benetan ikaragarria da aurten pasatzen hari dena, jaialdiak harrien azptitik ere atera dira. Kultura proposamenak asko eta era guztietakoak bihurtu dira. Jaialdi berri asko sortu dira eta horrek zaildu egiten du taldeen kontratazioa. Hala ere, argi dugu zein den gure tokia eta nora heldu nahi dugun. Erraz esaten da, baina 11. edizioa da aurtengoa eta gure bidea egiten segiko dugu azkenengo urteetan bezela. Oso pozik gaude mahai gainean dugun proposamenarekin eta nahi duen guztia gonbidatzen dugu gurekin bat egitera datorren larunbatean.

XI. Dardarafesten joko duten taldeak

Jaialdian izango diren taldeen inguruko hitz batzuk eskatu dizkiogu Ibargureni.

Marlik

"Zumaian aski ezaguna. 2017an eman zituen lehen pausuak eta dagoeneko bi disko kaleratu ditu. Estudioko azken diskoak, Azaletik ezabatu baino lehen izenekoak, 2020an ikusi zuen argia. Rock eta blusean oinarritutako doinu melodikoak uztartzen dituzte".

Kuartz

"Kuartz 2016an Bastidan (Nafarroa Behera) sortutako rock taldea da. Ibes Mongaburek eta Oihan Delavignek osatua, doinu astunak eta stoner ukituak lantzen ditu".

Madeleine

"Madeleine Donostiako taldea da eta post-rock etiketapean sailkatu genezake. Nagusiki, musika instrumentala jorratzen dute, melodia gordin eta indartsuekin batera". 

The Wizards

"Estudioko bi disko kaleratu eta Espainiar estatua gohitik behera pasatu ondoren, zuzeneko talde ikaragarri moduan definitzen da. Gaur egungo heavy taldeen artean estatu mailako talde erakargarrienetakoan bilakatu da. Talde bilbotarra, ingelesezko heavy clasiko eta indartsua dute emaitza moduan".

JIEL (Joseba Irazoki eta lagunak)

Aurkezpen gutxi behar du Joseba Irazoki Agirre (Bera, 1974) abeslari, gitarra jotzaile eta musikari nafarraK. Diskografia zabala du, ia hogei disko kaleratuta. Hainbat kolaborazio ere egin izan ditu beste musikari batzuen lanetan. Atom Rhumba taldeko kidea izan da, Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasekin ere jo izan du. Oraingo honetan, Lagunarekin datorkigu. Folka, rocka, psikodelia eta tresnen esperimentazioan datza bere jardun sailkaezinak".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide