KAE1 liga iritsi da bere hondarrera, gaur 11:30ean jokatu baita azkenaurreko estropada Zarauzko uretan. Lehia estuan aritu dira traineruak, eta egon da ezustekorik ere, sailkapen nagusian seigarren den Castro bigarren helmugaratu baita gaurkoan.
Telmo Deuneko mutilei dagokienez, gogor borrokatu behar izan dute, eta segundo pasatxoren barruan helmugaratu dira hiru traineru: Deusto, Busturialdea eta Zumaia; zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren izan dira, hurrenez hurren.
Sailkapen nagusian zortzigarren da Delteco Zumaia, baina hiru puntu atzetik du Deusto, eta ikusi egin behar zer egiten duten bi taldeek bihar Bilbon. Hantxe amaituko da liga, banakako erlojupekoarekin.
Bestalde, gaur erabakita gelditu da ligako txapelduna: Sanpedrotarra. Berak irabazi du estropada, eta 13 puntuko aldea ateratzen dio orain bigarrenari, Pedreñari.