Musikak hartu du Amaiako plaza

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 21a

Bi urteren ondoren, Amaiako plazak berriro hartu zuen atzo Dardarafest musika jaialdia. Aurtengoarekin hamaikagarren edizioa bete du Dardara Musika Kolektiboak antolatzen duen jaialdiak, eta oholtza gainean askotariko doinuez gozatzeko aukera izan zen Marlik, Madeleine, The Wizards, Kuartz eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeei esker.

Kuadrilla Egunarekin batera, Dardarafest musika jaialdia egin zen atzo arratsaldean. Dardara Zumaiako Musika Kolektiboak antolatutako jaialdia bere ohiko kokalekura itzuli zen, Amaiako plazara, aurreko bi urteetan, pandemiagatik, herriko beste leku batzuetara eraman ondoren.

Marlik herriko taldeak eman zion hasiera jaialdiari. Hasiera batean bluesak presentzia handia zuen beraien abestietan, baina urteekin rocka nagusitzen joan da. Gustura ikusten ziren agertokian, eta animo hori entzuleei ere pasatu zioten. 

Madeleine laukote donostiarra izan zen taulara igotzen hurrengoa. Post rocka eta poparen artean mugitzen den taldea da hau, eta bi estiloak uztartu zituen. Zaratatsuagoak eta konplexuagoak une batzuetan, autotunez jantzitako pop abesti eleganteak jotzen beste batzuetan.

Afaltzeko tartearen ondoren, Kuartz bikotearen txanda izan zen. Gitarra eta bateriaz osatzen den Nafarroa Behereko taldeak stoner ukituko rock gordina eskaini zuen. Are gordinagoa izan zen The Wizard talde bilbotarraren erasoa. Hard rocka eta heavy metalaren bueltan mugitzen da laukote hau, eta zuzeneko indartsua izatearen fama merezitakoa dela erakutsi zuten.

Joseba Irazoki eta Lagunak zen jaialdiko izen nagusia, eta Berakoek beste behin ere erakustaldi galanta eman zuten. Jarrera, indarra, zarata, sekulakoa izan zen laukotearen kontzertua, Dardarafesten historiara pasako den horietakoa.

Argazkiak: Juan Luis Romatet.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide