Udalak harrera egin die haur sahararrei

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 23a

Darahli elkartearen eskutik, zortzi haur ari dira uda igarotzen Zumaian eta inguruko herrietan, harrera familietan. Atzo, itsasontziz bisita gidatua egin zuten eta, ondoren, udaletxean harrera egin zieten Iñaki Ostolaza alkateak eta Ainhoa Illarramendi zinegotziak.

Zumaiako Udalak oharra kaleratu du, atzo Iñaki Ostolaza alkateak eta Ainhoa Illarramendi zinegotziak harrera egin zietelako uda Zumaian eta inguruko herrietan igarotzen ari diren haur sahararrei.

Darahli elkartearen eskutik, zortzi haur ari dira uda sasoia pasatzen Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako harrera familietan, eta horiek guztiak Zumaian izan ziren atzo, astelehena. Darahliren bitartez etorri diren gainerako umeak, berriz, Kuartango aterpetxean (Araba) daude Darahliko begiraleekin, "Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuko berotik urrun" udalak nabarmendu duenez.

Itsasontziz bisita gidatua egin zuten aurrena, eta ondoren, udal ordezkariek hartu zituzten udaletxean. Eskola-materiala zuen motxila bana eman zieten umeei, eta taldeko argazkia atera ondoren, haurrak, harrera familiak eta Darahliko kideak itsasontziz Santiago hondartzara joan ziren, arratsalde pasa.

"Ekitaldi honekin sahararrek bizi duten egoera ikusarazi nahi izan dugu, eta, horrekin batera, Zumaiako gazteek gaiaren inguruan hartutako jarrera eredugarria balioan jarri", esan du udalak prentsa oharrean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide