Udako Azoka Ekologikoa egingo dute bihar Eusebio Gurrutxaga plazan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 25a

Biolurrek bigarrenez antolatu du azoka herrian, eta 10:00etan hasiko da. 12:00etan, gainera, bertsolariak bertaratuko dira giroa alaitzera.

Biolur elkarteak antolatu du Udako Azoka Ekologikoa herrian, Zumaiako Udalaren eta Euskadiko Nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin. 10:00etan hasiko da azoka Eusebio Gurrutxaga plazan, eta bertaratzen denak barazkiak, gaztak –ardi, ahuntz eta behiena–, eztia, ogia, marmeladak, olioa, arrautzak eta sagardoa aurkituko ditu, besteak beste.

Hogei ekoizle izango dira azokan, gehienak gipuzkoarrak, baina Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxatik (Espainia) ere etortzekoak dira azokara.

Nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio panelak ere jarriko dituzte, eta Biolurren informazio puntua ere bertan egongo da. 

Azokan bertsolariek ere parte hartuko dute. Hala, 12:00etan Eli Pagola, Julen Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariak ariko dira bertsotan "bertakoa, garaian garaikoa eta ekologikoak diren elikagaiak dastatuz euskara eta nekazaritza ekologikoa plazara ekarriz", adierazi dute prentsa oharrean Biolurreko arduradunek.  "Aurten ere Zumaian izango gara, bigarren aldiz, eta pozgarria da berriro ere Zumaian egotea aurreko urteko balorazio onaren ostean. Gainera, uztailaren 27an Biolurrek eta Zumaiako Udalak sinatu berri dugun hitzarmenak jasotako konpromisoetako bat bat da azoka ekologikoa egitea, tokiko elikadura sistema iraunkorraren bidea garatzeko ekimen gisa. Hitzarmenak, hala ere, ekimen eta proiektu berriak sustatzeko lankidetza du helburu nagusia, Gipuzkoan sare agroekologikoa garatzeko lagungarria izango dena", azpimarratu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide