Bertakoa eta garaikoa Eusebio Gurrutxaga plazan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 27a

Hogei ekoizlek beren produktuak erakutsi eta eskaini zituzten atzo goiz-eguerdi partean Biolurrek antolatutako Udako Azoka Ekologikoan. Herritar andana ibili zen aurrera-atzera bertako produktuak erosiz, eta eguerdian bertso saio motz batez ere gozatu ahal izan zuten.

Udako Azoka Ekologikoarekin egin zuten topo atzo goiz-eguerdi partean Eusebio Gurrutxaga plazara bertaratu ziren herritarrek eta bisitariek.

Bertako tomatea, baratxuri eta perrexila daraman olioa, lekaleak, pistatxoak, gazta, piperrak, eztia, kotoizko arropa, intxaurrak, sandia edo angurriak, ontziratutako tomate eta lekak, gazta eta irasagar pintxoak... Askotariko produktuak eskaini zituzten euren postuetan hogei ekoizlek.

Biolurrek antolatu zuen bigarrenez azoka, eta elkarteari buruzko informazioa zabaltzeko postua eta informazio panelak ere jarri zituzten plazaren alde banatan.

Eguerdian, gainera, bertso saio txiki bat eskaini zuten Eli Pagola, Julen Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariek, eta giro polita sortu zen azokaren bueltan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide