Zumaiarren doinuak

Ainhoa Urteagaren doinuak

Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 09:00

Orain hilabete gutxi Ezbaian diskoa atera duen Ainhoa eta Aitzol bikoteko kidea da Ainhoa Urteaga Sorazu zumaiarra. Musikazalea, aurretik proiektu gehiagotan ere aritu da. Gustoko dituen bost abesti aukeratzeko eskatu zaio.  

1. Derek and the Dominos – Layla

Nizami Ganjavi Pertsiarrak, XXII. Mendean idatzitako The Story of Layla and Manjun poesa liburuan du abesti honek jomuga. Diotenez, bi protagonistek elkar biziki maite zuten arren, beren maitasunak, mugaz jositako ezinezkotasunerantz zeramatzan. Historio hau Eric Clapton handiaren eskutara iritsi bezain pronto, musikak bere kabuz egin zuen beste guztia. Musikariak garai hartan bazuen ezinezko maitasun bat… bere lagun mina zen George Harrisonen emaztea zen, Pattie Body. Zorionez, 1979an, hamar urte iraungo zituen maitasun historia bizitzeko beta izan zuten biek. Kontuak kontu, neu maitemindu nauena, Jim Godonek sortutako piano soloa izan da, ze arraio!

2. Silvio Rodriguez – Ojala 

Soldaduskak eta zerbitzu militarrera joan beharrak zapuztu zizkion lehen maitasun batek dakartzan tximeletak Silvio Rodriguezi. Emilia Sanchez burutik kendu ezin eta "ojala que no pueda tocarte ni en canciones". Poza eta mina nahastu ziren 18 urteko gazte hark sortutako doinu kontrajarrietan. Akorde Mayor eta Minor-ak nahasi ziren, itsaso barean olatu bortitzak bailiran. Gitarra bat, ahots bat, mundu bat hunkitzeko. Azken finean, bihotzetik sortutaka, bihotzetara iristen da. 

3. The Beatles – In my life

Abesti honetan, John Lennon bere bizitza pertsonalari publikoki ateak irekitzera ausartu zen lehen aldiz. Liverpoolen, autobusean igarotzen zituen Penny Lane eta Strawberry Field auzo enblematikoak, besteak beste. Bidaia honen igarotzeari eskaini zion abestia eta "oporretako autobus bidaietan egin nuen gauzarik  aspergarriena" deitu zion lehen bozeto honi. Gerora, letra jantzi eta bere bizitzari hausnarketa egin zion In My Life abestian. Abestiaren erdian, bada nolabaiteko zati instrumental bat; barroko klasiko purua dena. Behin, zati hori irratian entzun nuen, obra klasiko batean. Zoritxarrez, ez dut obra harekin topo egiteko betarik izan oraindino. Norbaitek baleki… esperoan naiz!! Ohiko fenomenoa da, The Beathlesen abestiei tripak atera eta oinarrian klasikoko obra handiekin topo egitea. Izan ere, The Beatles is The Beatles…

4. Marc Hemmeler eta Ray Brown – Danny Boy

Egun ez dakigu zehazki nork ezta nola sortu zen Irlandatik datorkigun doinu berezi hau. 1855an erregistratu zen lehen aldiz Jane Ross-en eskutik. Limavady-ko artista egilea, bere lanetan zebilela, doinu hau entzun zuen kalean, biolinista anonimo baten eskutik. Berehala, egitekoak utzi eta entzun zuena erregistratzeari ekin zion. Gerora, Irlandako folk musikaren oinarri bihurtu da doinua. Abestiari ehundaka bertsio egin bazaizkio ere, Marc Hemmeler eta Ray Brownek sortutakoa da nire gustukoena. Piano eta kontrabaxuak Jazz jantzi eta goxo batetara garamatza. Musikarako zaletasuna gurasoengandik datorkidan honetan, nire baitan abestia entzutea da beraiei denagatik eskerrak emateko erabiltzen dudan errituala, beraiei esker ezagutu baitut abesti bera ere.

5. Benito Lertxundi – Nere herriko neskatxa maite

Munduan leku eta doinu zoragarriak daudela ezagutu dugu. Bidaiatzeak, kanpora begiratzea nahitaezkoa dela erakutsi digu, etxean dugun edertasunaz inoiz ez bezala gozatu ahal izateko. Musika, inoiz amaitzen ez den jakinduriaren iturria da, beti baitu bertatik zer ikasia maisu handienak ere.  Horregatik da garrantzitsua nork bere sustraiak ezagutu eta maitatzen ikastea. Nireak, abesti honetan errotuta daude. Benitoren herriko neskatxa maite, kresalaren usaina du, eta zeru koloreko begi urdin argiak. Nire amona, nire bigarren ama da, berak hezi bainau; eta urte askoan Zumaian bizi den arren, ez da bera baino oriotarragoa denik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide