Zumaiako Albia beilatokiko ateak zabaldu, pasillo zuria zeharkatu eta irribarrez jaso du Silvia Alvarez beilatokiko langileak kazetaria. Ostegun goiza da, eta hutsik daude beilatokiko gelak, baina harreran egotea eta deiak erantzutea da bere zeregina, zer gerta ere. Lekuak sor dezakeen estutasunaz jakitun, sakelakoa patrikan sartu eta inguruko taberna batean kafe bat hartzeko proposatu dio kazetariari.
Arrapaladan hasi da ofizioaren nondik norakoez. Hiru urte baino ez daramatza beilatokian lanean. Lehenago, hamarkada bat baino gehiago igaro zuen El Diario Vascorentzat eskelak maketatzen lanean. "Askotan hitz egin behar izaten nuen hildakoaren ingurukoekin. Nagusiak esaten zidan balio nuela, eta bazekiela heriotzarekin lotutako zerbaitetan egingo nuela lan etorkizunean ere", dio Alvarezek.
Lan hura uzteko erabakia hartu eta beilatokian lan elkarrizketa egin zuenean, ordura arte egunkarian bere nagusia izan zenak beilatokiko arduradunari Alvarez kontratatzeko gomendatu zion. Hilabete pare baterako norbaiten bila zebiltzan, eta Alvarezen profila aproposa iruditu zitzaien. Lehen kasua "gogorra" izan zela dio, eta nagusiak esan zion pauso hori gainditzen bazuen, balioko zuela lan horretarako. Arin igaro zitzaizkion bi hilabete haiek. Agur gisa lankideek egin zioten afarian, ordea, urrunegi ez joateko esan zion nagusiak. Berehala egin zioten behin betiko kontratua.
Hil denaren senitartekoak artatzea izaten da Alvarezen lana, eta arreta hori ondo ematen diela uste du. Ez, ordea, ausaz. "Hamazazpi hilabeteko epean galdu nituen gurasoak, 23 urte nituela. Gogorra izan zen. Uste dut esperientzia horrek eman didala enpatia irakaspen bat", azaldu du. "Badakit, adibidez, espero gabeko heriotza kasuetan, shock egoeran egon ohi direla, eta behin baino gehiagotan errepikatu behar zaizkiela gauzak", dio. Prozesu guztia bideratzen du Alvarezek, lehen arreta ematetik bezeroei aukera ezberdinak azaldu eta apaizarekin hitz egiteraino.
Bezeroekin ez ezik, lan eremuan ere giro ederra jartzen trebea da Alvarez, eta gaitasun hori saritu diote berriki Albiako arduradunek. "Lankide baten deia jaso nuen. Hasieran errieta egiten hasi zitzaidan, eta pentsatu nuen zerbaitekin hanka sartu nuela. Txantxetan ari zen; Klima saria emango zidatela esan zidan gero. Ez nuen ezer ulertu, eta erantzun nion okerren batek egon behar zuela", dio Alvarezek. Baina ez. Klima saria eman zioten bere lan onaren errekonozimendu gisa, eta pozarren jaso zuen.
Oro har gizartean bezalaxe, ofizioetan ere islatzen dira estereotipoak, baina hori aldatzen ari da beilatokiko langileetan, Alvarezen arabera. "Albia Espainiako frankizia bat da, eta langile gehienak gizonezkoak dira, baina Gipuzkoan emakumezkoak gara gehienak", dio. "Emakumezkoak gai gara lan hauek egiteko. Nire bi lankideak, esaterako, gorpuaren bila joaten dira etxeetara. Badugu nahikoa indar horretarako ere; ez gara makillatzaileak bakarrik".
Beilatokian lan egiteko, komeni da emozionalki indartsu egotea, eta horretan lagundu diote Alvarezi behar izan duenean. Azaldu du psikologo taldea dutela eskura, eta enpresak arreta jartzen duela langileen zaintzan. "Triste baldin banago, ezin diot arreta egokia eman familia bati. Hala ere, gertatu izan zait negarrez hastea, hil dena laguna zen kasuetan, adibidez", dio. Profesionala izaten saiatzen dela esan du Alvarezek, baina gauza batzuk ukaezinak direla, "gizakiak garelako".
Ezagunak diren kasuetan, pena handiagoa hartzen duela dio Alvarezek, baina tristezia hori familiari laguntza ematera bideratzen du: "Lagundu behar diedala pentsatzen dut. Barru-barrutik ateratzen zait".
Hurkoa agurtzeaz
Heriotza gertutik jarraitzea Alvarezen eguneroko ogia da, baina badaki gaia tabua dela. Haren hitzetan, "bizitzaren parte" den heinean, gizarteratzeko ahalegina egin beharko litzateke. Hezkuntzan, esaterako.
Gaia bere kabuz landu duenarentzat eramangarriagoa da gero ingurukoaren galera, Alvarezen arabera: "Lasai egoten dira, eta uste dute hil dena hobeto dagoela horrela gertatuta". Alvarezek uste du horretarako beharrezkoa dela gaztetatik familian ere gaia lantzea, aitona-amonen heriotza kasuetan, esaterako. "Azalpen bat jaso daiteke gurasoen aldetik. Beilatokian ikusi ditut haurrak aitona-amonak agurtzen, eta poza eman dit normaltasunez hori egiteko gai direla ikusteak, dolua prozesu errazagoa delako gero".
Norberak bere erara, baina agurtzea beharrezkoa da, Alvarezen arabera. "Nik aukera izan nuen gurasoak agurtzeko. Minbiziarekin hil ziren biak. Heriotza bat-batekoa den kasuetan, ordea, zailagoa izaten da behar bezala agurtzea", dio. Beilatokian ere ematen dute horretarako aukera, asko lehendik agurtuta egoten diren arren.
Heriotza bezainbeste modu daude agurra egiteko, baina Alvarezek berak agur laikoak ditu gustukoen. Horretarako lekuren bat egokitzea gustatuko litzaioke: "Beilatokia zuria da, argitasuna eta bakea emateko, baina ez da batere leku erraza. Uste dut agur laikoak egiteko leku aproposen bat izango bagenu, jende gehiago gerturatuko litzatekeela". Joera hori izango dela uste du bera baino belaunaldi gazteagoetan.
Agurraren ondorengo urratsa izaten da gorpuzkiak lurperatu edo erraustea. Erraustearen aldekoa da Alvarez. Zaragozan ezagututako errautsen lorategia ekarri du gogora: "Errautsen ondoan lore bana landatzen dute. Hilerrien aldean, lorategi zoragarriak dira, eta Zumaian horrelako zerbait egotea gustatuko litzaidake".
- Adina: 40 urte.
- Ikasketak: Marketina eta Publizitatea.
- Lanbidea: harrera arduraduna eta Albia Gipuzkoako bultzatzailea.
- Administratzailea ez banintz… margolaria.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Txakurrarekin paseatu eta naturatik gertu ibili. Behar dut.