Ander Torrikok hirugarren aldiz min hartu du eskuin belauneko aurreko lokailu gurutzatuan

Onintza Lete Arrieta 2022ko irailaren 6a

Ander Torriko, Helvetia Anaitasunaren elastikoarekin.

Helvetia Anaitasuna taldearekin jokatzen hastekoa zen eskubaloi jokalaria, iazko martxotik lesionatuta egon ondoren. Baina, taldeak jakinarazi duenez, aurreko asteko entrenamendu saio batean berriz hartu du min toki berean. Erresonantzian, "pronostiko txar guztiak berretsi ziren: hasi berri den denboraldi honetan ere ezingo du Helvetia Anaitasunaren elastikoa jantzi", esan du klubak.

Helvetia Anaitasuna eskubaloi klubak jakinarazi du Ander Torrikok min hartu duela, hirugarrenez, eskuin belauneko aurreko lokailu gurutzatuan. Iazko martxotik lesionatuta egon da 25 urteko jokalari zumaiarra, eta laster debutatzekoa zen berriz Anaitasunarekin. Zoritxarrez, ordea, aurreko asteko entrenamendu saio batean toki berean hartu du min berriz.

Azken lesio horren ondoren, erresonantzia egin zion klubak, eta "pronostiko txar guztiak berretsi ziren: hasi berri den denboraldi honetan ere ezingo du Helvetia Anaitasunaren elastikoa jantzi".

Torrikok bi aste zeramatzan taldearekin entrenamenduak osorik egiten. "Errehabilitazioa oso ondo joan da, eta lesionatu nauen mugimendua mila milioi aldiz egina nuen errehabilitazio garaian, eta ez zait buruan sartzen horrekin min hartu izana. Hasieratik, eman dizkidaten jarraibide guztiak jarraitu ditut. Eta gogorrena da minutu bakar bat jokatu gabe hartu dudala min bi aldietan.

Ziurrenez operatu egin beharko dutela azaldu du Torrikok. Gasteizen begiratu diote belauna, eta agian bigarren iritzia eskatuko du, Madrilen, erabaki bat hartu aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide