Gipuzkoako Txapelketari ekingo diote Zumaiako zesta-punta jokalariek

Juan Luis Romatet 2022ko irailaren 16a

Udako oporraldia bukatuta, asteburu honetan itzuliko dira lehiara Zumaiako Kirol Elkarteko zesta-puntako jokalariak. 

Uda sasoian atseden hartu ondoren, asteburu honetan hasiko dute kirol denboraldia zesta-puntako Zumaiako jokalariek. Gipuzkoako Txapelketako lehen partidak hartuko ditu Zumaiako Aitzuri frontoian gaur bertan, 19:00etatik aurrera. Nagusien mailan, herriko bi bikote neurtuko dira: Zumaia 3 Zumaia 2ren aurka; kadete mailan, berriz, Zumaiak Hondarribia 1 izango du aurkari.

11 jokalarik jokatuko dute Zumaiaren izenean txapelketa honetan: Frida Watkins eta Aratz Egaña kadete mailan –Mutrikuko klubak utzitako jokatuko du Egañak Zumaiarekin–; Cosme Agirre eta Unai Uranga 1. mailako seniorretan; eta seniorretako 2. mailan, Eduardo Agirre eta Ander Ureta Zumaia 1 bikotea osatuz, Gonzalo Agirre eta Julen Cabanillas Zumaia 2 bezala, eta Haritz Egaña, Danel Odriozola eta Marlon Watkins Zumaia 3n txandakatuz. 

Klubeko bi kirolari, gainera, Espainiako zesta punta txapelketa ari dira jokatzen: Eduardo Agirre aurrelaria eta Gonzalo Agirre atzelaria

Frida Watkinsek, berriz, Euskal Herriko zesta-puntako elitezko txapelketako finala jokatuko du igandean, 11:00etatik aurrera, Berriatuan. Arakistainekin bikotea osatuta, Ortiz de Mendibil eta Aldazabalen aurka arituko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide