Kaleak girotzeko, Estalapeko oholetan Euskaraldiaren horma irudi bat ere margotu dute astean zehar. Atzo amaitu zuten Euskaraldiko batzordekideek.
Zenbait ekintza egingo dituzte bihar: Euskaraldiaren abestiaren koreografia egingo dute lau tokitan, Beheko plazan hasi eta Amaia plazara bitartean, Astinduren laguntzarekin, 18:30etik aurrera. Jendeak aurrez koreografia hori ikasteko aukera izan dezan, gainera, bideo batean jaso dute.
Kalejira horrez gain, egun horretan jarriko dituzten txosna guztiak arigune izendatuko dituzte, eta beraz, euskaraz lasai aritzeko aukera eskainiko dute. Euskaraz egitea errazteko, txosnan arituko direnek lehen hitza euskaraz egingo dute.
Postu bat ere jarriko dute Euskaraldiko batzordekideek, goizez Kofradia inguruan eta arratsaldez Beheko plazan. Ahobizi eta belarriprest pegatinak banatzeaz gain, materiala salduko dute.