700 korrikalari inguruk –horietatik 250 zumaiarrak– parte hartuko du igandean, hilaren 2an, Zumaiako XIII. Flysch Trail mendi lasterketan. Goizeko 10:00etan aterako da tropela Gurrutxaga plazatik 22,2 kilometroko bidea egiteko. Aurten ez da maratoiko distantziarik jokatuko, maratoi erdikoa bakarrik. Hori bai, Zumaiako proba WMRA Munduko Kopako puntuagarria izango da.
Mendi lasterketaren aurtengo edizioko argibideak eman dituzte gaur eguerdian Zelaia Talaso-hotelean egin duten agerraldian. Lasterketako antolatzaileez gain, Zumaiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Rural Kutxa eta Eroskiko ordezkariak izan dira, baita aurten lasterketan omenduko dituen Joxe Mari Azpiazu eta Indamendi bazkuneko kideak ere.
Omenaldiaren berri jakin zuenean "txundituta" sentitu zela adierazi du Azpiazuk. "Txundituta eta pozik. Pentsatzen dut munduko mendizaletasunarekin eta Euskal Herrikoarekin izandako harremanagatik izan dela", gaineratu zuen, eta aurkezpen ekitaldian alboan Juanjo San Sebastian mendizalea izateagatik oraindik eta poz handiagoa sentitzen zuela adierazi du.
Indamendi bazkuna ere omenduko du aurten Zumaiako mendi lasterketak. Sortu zutela 50 urte betetzen ari da aurten Indamendi, eta Flysch Traileko antolakuntzako buru Bosco Garitanoren esanetan, gutxi izango dira herrian halako lana egiten duten elkarteak.
Omenaldi ekitaldia 13:00etan egingo da, Gurrutxaga plazan.
Liburu aurkezpenak larunbatean
Lasterketa igandean izango da, baina aurretik, mendiarekin lotutako lau liburu aurkeztuko dituzte. Ekitaldia larunbatean izango da, 19:00etatik aurrera, Aita Mari zine aretoan. Aurtengo omenduak, eta dagoeneko Zumaian ohikoak diren beste hiru mendizalek liburu bana aurkeztuko dute Zumaian: Joxe Mari Azpiazuk Sebastian Alvarorekin batera ondu duen La vida en el limite de la vida; Alvaro berak Everest 1924; Juanjo San Sebastianek Cuanto es mucho tiempo; eta Juanito Oiarzabalek El placer de alcanzar la cumbre.
Aurkezpenaren amaieran liburuak erosteko aukera izango da, eta, nahi izanez gero, autoreek sinatuko dituzte.
700 korrikalari inguru
Maratoi erdiko distantzian bakarrik korrituko da aurtengo lasterketa. 22,2 kilometro egingo dituzte korrikalariek, eta 850 metroko desnibel positiboa izango dute. 700 bat korrikalari apuntatuta daudela iragarri du Garitanok gaurko agerraldian, eta horien artean elite mailako kirolariak izango direla ere aurreratu du: Oihana Kortazar, Borja Fernandez, Raul Criado, Charlotte Cotton, Ismail Razga edo Sophie Daly. Nahiz eta ibilbidea lokaztuta aurkituko duten, marka berria egingo balute ez litzateke harrituko Garitano.
Ohi bezala, boluntarioek ez dute aurten ere hutsik egingo, eta probako leku eta une desberdinetan 400 bat boluntario egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Horietako 50 boluntario-ekologikoak izango direla ere azaldu du Garitanok, ingurumen eskakizunak betetzen direla segurtatzeko.
Irteera puntuan izango diren ehunka kirolarien artean 250 inguru herrikoak dira. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearentzako pozgarria da halako herritar piloa ikustea proba honetan parte hartzen. Horretaz gain, "asteburuan trailaren bueltan sortzen den saltsa ere garrantzitsua da, bere zailtasunak dituen arren".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismoko Zuzendari Iker Goiriak, bere aldetik, balioan jarri du kirol proba honek turistikoki duen garrantzia, konkretuki Euskal Kostaldeko Geoparkea mundu mailan ezagutzera ematen duelako.
Bilakaera urte batetik bestera
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak bilakaera nabarmen izan du urte batetik bestera. Iaz maratoiko eta maratoi erdiko distantzian jokatu zen; aurten, ordea, maratoi erdiko lasterketa jokatu da. Bosco Garitanok azaldu duenez, iazko probaren ondoren "hausnarketa bat" egin zuten. "Zumaiak ez du mendi handirik, eta maratoia egiteko Andutz lau aldiz igo behar zuten korrikalariek. Hori astakeria bat zen, are gehiago 80 lagun besterik ez zirelako apuntatu. Boluntario mordoak egon behar zuen han, larrialdi zerbitzuek ere bai. Aurrekontuaren %40 hor joan zitzaigun. Beste distantzian, berriz, 600 lagunetik gora izan ziren. Horrek hausnarketa bat egitera eraman gintuen", adierazi zuen antolatzaileak.
"Ikusten genuen, gainera, Zumaiako gazte askok nahi zuela traila korritu. Horregatik, aukera hori ematen ari gara gazte hau kirolean aritu daitezen", gaineratu zuen.
Behin igandeko proba pasatzen denean, beste hausnarketa bat egingo dute aurreratu zuen Garitano. "Zertan bukatuko du lasterketa honek? Proba herrikoi bezala? Gipuzkoan korrikalari asko dago, eta azken egunetan deika ari zaizkigu parte hartu nahi dutelako. Hala ere, gauza bat onartu behar da: kostaldeko herri batek Espainiako mendiko lasterketa garrantzitsuenetakoa hartzea, bitan Munduko Kopako proba izan dena, gainera, hori harro egotekoa da".